Motor hotsez beteko dira Ordiziako kaleak larunbatean
Ezohiko itxura hartuko dute Ordiziako erdiguneko kaleek asteburuan. Udaberrian Martxan egitasmoaren baitan, supermotard, kart cross eta rallyetako autoen erakustaldia egingo da. Larunbat eguerdiko 15:30etik aurrera Plaza Nagusian ikusgai egongo dira. Tartean, Tecnun SEED Racing taldea eta bere ibilgailu bat ikusteko aukera izango da. Tecnun SEED Racing unibertsitate talde bat da eta txapelketetarako ibilgailu elektrikoak diseinatu eta sortzen dituzte.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera hasiko dute erakustaldia erdiguneko kaleetan prestatu duten ibilbidean zehar. Erakustaldian parte hartuko duten gidarietako batzuk dira Gorka Eizmendi, Garikoitz Flores, Andoni Aierbe, Joseba Iraola edo Ramon Irigoien, besteak beste. Egingo duten ibilbidea berriz honakoa izango da: Plazatik Kale Nagusitik barrena Gudarien Etorbidea jaitsi, Azari Elkarte parean bira eman eta berriro ere Gudarien Etorbidea igo, Etxezarreta kalean sartu, San Pedro kalea igo eta Andre Mari kaletik Domingo Goitian barrena Plaza Nagusiaren goiko aldean amaitu. Erakustaldia egiteko hainbat kale hesituta egongo direnez, antolatzaileen esanei kasu egiteko eskatu dute.
Kopilotu joateko zozketa
Rally autoetan kopilotu moduan joateko aukera izango dute larunbatean Ordiziara inguratzen direnek. Horretarako 15:00etatik 17:30era herriko plazan euro baten truke txartelak salduko dira, ondoren zozketa egiteko.
Sagardo dastaketa
Motor erakustaldia amaitu eta arratsaldeari jarraipena emateko, 19:30etan Plaza Nagusian Goierriko sagardoak dastatzeko aukera izango da.