«Osasun espezializazioak bere horretan utz ditzatela gutxienez, anbulatorioan»
Legorretarrek Asuncion klinikan jasotzen dute, 2011tik, medikuntza berezituen zerbitzua. Lehen Tolosako anbulatorioan zen. Osasun sare publikoaren aldeko mugimendua ozen ari da lanean, tartean Mendez.
Tolosaldean kexa agertu duzue osasun arloan. Sare osoa birmoldatzea eskatzen duzue ala ospitalean zentratzen zarete soilik?
Ospitalearekin zentratzen gara, kontzertazioan. Lehen Tolosako anbulatorioan espezialitate gehienak zeuden, eta falta ziren gutxiak Asuncion Klinikarekin zeuden adostuta. Hori egoki ikusten genuen. Baina 2011ko hitzarmenean espezialitate guztiak hara bidali, eta pribatu bihurtu zituzten, anbulatoriokoak desagertuz. Beldur hori geneukan, eta hori gertatu da. Orain, erreferentziako ospitalea Asuncion da guretzat. Pribatua denez, Donostiakoa izatea esaten genuen.
Orokorrean, zer arazo edo gabezia sortzen dira gaur egun erabiltzailearentzat, osasun zerbitzu aldetik?
Oraintsu Jon Darpon sailburua bisitan izan da, eta aipatzen zuen inkesta batean %95 zerbitzuarekin gustura daudela. Beste aldea ere badaukagu, zerrenda luze-luze bat, kexa pila batekin. Itxaron-zerrendak ere luzatu egin dira. Beraiek ez dute onartzen, baina kexak hor daude. Espezializazio titulurik gabeko medikuak hala edukiko balute bezala aritu dira zerbitzua ematen, kontsulta pasatu eta gero sinatzeko beste mediku batengana eramanez. Horrelakoak pasatu dira, eta hori oso larria da.
Osasun Sailak edo Osakidetzak ez dauka kontrolik Asuncionen gainean, halakoak saihesteko?
Suposatzen da urtero balorazio bat egin behar zela, bai Osasun Sailetik, bai Inviza enpresak klinikatik. Baina ez da egin. Lakuan lehen bileran balorazio bat egiteko eskatu genuen, eta mahai bat osatzeko langileekin, Osasun Sailarekin, klinikarekin eta udal ordezkariekin. Hitzarmenean betetzen ez dutena, balorazio bat egin eta han aterako direla gabeziak. Ez dute egin, ez mahaia osatu, ez balorazioa guri eman.
Administratiboki, Tolosaldeak zergatik du ospitale pribatu bat, eta ez beste eskualdeek bezala publikoa?
Historikoki, hau pribatua izan da beti. Ibarran eta Tolosan bazeuden klinikak. Izugarrizko zorrekin utzi zuten, eta Inviza enpresak hartu zuen. Orain arte, guk erreferentziako ospitalea Donostiakoa genuen, eta Asuncion alternatiba gisa genuen. Osasun sailburuak esan digu guk eskatzen duguna ez dela posible, Osakidetzak ezin duela klinika erosi, ez delako bideragarria. Gainera, pozik egon gaitezkeela hori edukitzearekin. Bai, baina hitzarmenaren aurreko egoerara itzulita. Orduan pozik geunden. Hobetzekoak bazeuden, baina gure ospitalea Donostia zen. Zorra ordaindu gabe jarraitzen dute, gainera. Hitzarmenean sinatu zuten bertako irabaziekin ordainduko zutela zorra. Guk dakigula, zorra oraindik mantentzen da. Orduan, non daude irabaziak?
Zuen eskaera, beraz, ospitale publikoa baino gehiago 2011 aurreko egoerara itzultzea da?
Jakinda ospitale publiko bat eskatzea hamar eskailera igotzea dela, eta 2011ko egoerara itzultzea hiru mailara dagoela, bada, goazen horra lehenengo. Baina, noski, ospitale publiko bat nahi dugu, besteek bezalaxe. Osakidetzak 22 milioi euroko hitzarmena dauka Invizarekin. Dirua publikoa bada, kudeaketak ere publikoa izan beharko luke. Eta ez da horrela, pribatua da.
Darpon sailburuak berriki bisita egin du Asuncionera, kudeaketa eta zerbitzua defenditzeko. Zer iritzi?
Esango nuke zerbait egiten ari garela, mugitzen direnerako. Erantzun bat eman nahi zioten izan zen mobilizazioari, guk esan genituenak deslegitimatzeko. Lehenengo bileratik ez dugu kontakturik izan berriz. Bat-batean Tolosara etorri, eta ez digu aukerarik eman esertzeko ere. Esan beharrekoa alkateoi esan ziezaguken, prentsari esan beharrean. Gu ari gara bilera eskatzen, prentsan eta manifestazioan esan ditugunak aurpegira esateko. Berak ez du gurekin eser nahi.
Tolosaldeko osasun zerbitzua «publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa» dela esan zuen. Hala da?
Tolosaldean osasungintza publikoa dela esatea gezurra esatea da. Berak badaki, denok dakigu. Hitzarmen batzuk daude kontzertazioa dela diotenak. Familia-medikuak bakarrik dauzkagu. Kalitatezkoa? Ez dugu esango ez denik, baina galdetu langileei zergatik den ona. Beren lan baldintzak gero eta okerragora doaz, eta gu zerbitzua ia berdina jasotzen ari gara. Beraz, galdetu haiei zergatik den zerbitzua ona. Baina hobea litzateke Osakidetzak bideratzen dituen diru guztiak horretan utzita, eta ez poltsikorako.
Legorreta zergatik dago Tolosaldeko osasun eskualdean?
Jaurlaritzaren antolamenduaren arabera da. Ez da bere garaian aparteko eskaerarik izan zelako.
Aukera plateatu duzue Legorreta, Goierriko gainontzeko herriekin batera, Zumarragako
Ospitalearen eragin eremuan sartzeko?
Ez dugu planteatu ere egin. Egia esan, ez dakit nola jokatu beharko litzatekeen. Hasteko, herritarrei galdetu beharko litzaieke zein nahi duten izatea erreferentziako ospitalea. Gerra horretan gaude. Egia esan, zatiketa hori betidanik eman denez, ohituraz legorretarrak Tolosara joan direnez, ez dut uste aparteko kexarik daukatenik. Baina denboran luzatuko balitz, kontsulta egin beharko genuke; ikusi Zumarragan zer zerbitzu dauzkagun, eta ea konpentsatzen digun. Ikertzekoa izango da.
Aurrerantzean, zer egingo duzue?
Mugimenduak jarraitzen du. TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde taldearekin elkarlanean ari gara. Asteartero biltzen dira, medikuak tartean, eta balorazio bat egiten dute. Hortik jasotzen dugunaren arabera jarraituko dugu mugimendua.
Irtenbidea, oraingoz, 2011 aurreko egoerara itzultzea da zuentzat?
Bai, gutxienez hori. Behera jaits ditzatela espezialitateak. Tolosako anbulatorioan duela bi-hiru urte izugarrizko obrak egin ziren, dena egokitzeko. Bi eraikin daude, berriak, eta hutsik daude. Zertan ari gara? Espezializazioak bere horretan utz ditzatela, gutxienez. Osakidetzak eman ezin dituen zerbitzuak pribatuarekin kontzertatzea ondo iruditzen zaigu, baina gutxi batzuk.