Baratzeko lanei ekiteko garaia
Negu giroa atzera utzi eta arreta udaberri-uda garaiko produktuetan jartzeko garaia heldu da, eta hori ere nabari da Ordiziako ferian. Oraindik ere neguan gaudela ahaztu gabe, baina dagoeneko lurra prestatzen hasia da jendea, eta ereiteko edo aldatzeko hazi eta landareen bila propio etorritako erosleak ikusi ditugu.
Jabier Lacalle aguraindarra, esate baterako, gustura zegoen goiz parteko salmenten nondik norakoak ikusita: «goizeko hamarretarako hazitarako 10 bat patata zaku saldu ditut jadanik». Goizeko patata nahi duenak Jaerla motakoa aukeratzen du batez ere, hau baita lehenik etortzen dena, Spunta kilo batzuk ere saldu ohi ditu, «egosteko berezia baita, onenetakoa». Eta gehien saldu ohi dena, beranduxeago, Agria motakoa da; «nire ustez onena, izen handiena honek du sukaldarien artean, frijitua jateko egokiena bera da. Hori-horia izaten da, urrearen parekoa». Izan duen garestitzea ere nabarmentzekoa da, izan ere, 25 kiloko Agria zakua 19,50 euroan dago aurten salgai, iaz baino 4 euro eta erdi garestiago; alegia 0,78 gehiago kiloko). Goizeko motak oraindik garestiagoak dira, eta 0,95ean ateratzen da kiloa.
Datutan azpimarragarria da patataren emankortasuna, «kalitate oneko hazitako patata kilo batekin 30 kilo bildu daitezkeela harrokeririk gabe esan liteke» aitortu digu Jabierrek.
Lehen onddo eta barazkiak
Lasaren postuan atzo ere baziren deigarritasun berezia duten espezie mikologikoak. Horien artean, urteko lehendabiziko onddoak: «Zamoran bildutakoak dira, pinuetako onddoa da, Boletus pinophilus», trinko-trinkoak eta itxuraz bikainak. Orain arte ekarri izan duten udaberriko ziza kopururik handiena ere atzo ikusi genuen, 2 kilo pasa; hala ere, orain arteko prezioari eutsi dio, kiloko 160 euro.
Barazkietan, errefautxo berriak (0,50/sorta) ekarri ditu Baliarraingo Edurne Jauregik. Negutegiko erremolatxa berriak ere hasi dira (1,20/sorta), Ibarrako Arantxa Iparragirreren postuan salgai.
Azkenik aipatu San Jose aurreko feria izanik ere, arkumearen prezioari dagokionez ez dela inolako aldaketarik antzeman. Ordiziakoek 3 euroan jarraitzen dute, eta etxez etxe bildutakoek, 2,95 (+%10eko BEZa) euroan.
- Aste honetako prezioak