Hilekoari buruz tailerra egingo dute larunbatean Ataunen
«Gure osasuna eta gorputza hobeto ezagutzeak eta hobeto bizitzeak, emakumeoi mesede handia egingo liguke». Abiaburu horretatik hasita, Ataungo Biboletak emakume taldeak osasunari, gorputzari eta hilekoari buruz jardunaldia antolatu du. Etzi izango da, 09:30ean hasita, San Gregorioko Elkargunean. Goiz osoa hartuko du bilkurak, baina gehiago luzatu daiteke.
Emakumeen Egunaren harira prestatu dute. «Guk gure gorputza nola bizi behar dugun esaten digute, eta askotan zuzenbide horiek ez dira oso osasungarriak», dio Biboletak taldeak. Hilekoari buruz zabaldutako «mitoak», medikazioa edo iragarkien eragina jorratuko dute, besteak beste.
Gorputza hobeto ezagutu
Gaian aditua den ikertzaile batek emango ditu azalpenak. «Zikloak ezagutzen lagunduko digu, bai minen aldetik, bai animikoki, gora-beherak hobeto eramaten ikasteko». Emakumeen bizitza-aroez ere mintzatuko da.
Aukera «paregabea» ez galtzeko aholkatu die emakumeei. Izena eman behar da (ataungoemakumeentaldea@gmail.com).