Kirola Elkarrekin eguna egingo dute igandean 300 kirolariren parte hartzearekin
Kirola Elkarrekin ekimenaren hirugarren edizioa egingo dute igandean Legazpin. Inma Hernandez antolakuntza taldeko kideetako batek esan duenez, «Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko kirolariak» bilduko dira Legazpin. Hamar elkarte ezberdinetako 300 bat kirolari batzea espero dute. Gainera, «adimen urritasuna, urritasun fisikoa eta urritasunik gabeko pertsonek» partekatuko dute eguna, hortik ekimenaren izena: Kirola Elkarrekin.
Hiru kirol ezberdin izango dituzte aukeran parte hartzaileek: «Igeriketa, futbola eta mendia». Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere «Atzegi, Izadi Zaleak, Kimu berri aterpea eta Legazpiko igeriketa taldearen laguntzaz» antolatu dute eguna. Baina gainera, herriko beste bi elkarte ere batu dira lan hauetara: «Ilintxa futbol elkartearen laguntza izango dugu lehenengoz, baita sortu berri den Mendi Bazterrak enpresarena ere», zehaztu du.
Mendia, igeriketa eta futbola
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Atzegi, Gorabide, Uribe Kosta, Geu Be, Konporta, Berdin Berdinak eta Dordoka elkarteek hartuko dute parte igandeko jardunaldian. Prestatuta duten egitarauari jarraituz, 9:30ean mendi martxari hasiera emango diote Bikuña kiroldegian. Eta, 10:00etan igeriketa eta futbol txapelketak hasiko dituzte.
Futbol txapelketa Ilintxak antolatuko du aurten lehenengoz. Igeriketan, Legazpiko taldeko «Jon Ander Leonardo, Laura Paredes, Yoba Paternain, Gorka Zufiaurre, Joel Hernandez eta Juan Mari Sasiainek hartuko dute parte», besteak beste. 11:30ean igeriketa txapelketako erreleboak izango dira eta 12:00etan futboleko finalak. Eguna borobiltzeko bazkaria egingo dute guztiek elkarrekin gizarte zentroan.