Lazkao Txiki Musika Eskolak kultur aste oparoa antolatu du, herriarengana zabaltzeko
Lazkaoko Lazkao Txiki Musika Eskola «aldaketa» urtean da. Aitor Biainek hartu zuen irailean zuzendaritza, eta Herriak herriarentzako musika eskola jarri diote goiburua. Orain arte ere urtero egin izan duten eskolaren kultur astea kanpoko osagaiekin hornitu dute aurten. Martxoaren 24tik apirilaren 1era ospatuko dute.
Ikasleen ohiko entzunaldiez eta kontzertuez gain, hiru ardatzetan osatuko dute kultur astea: «Ikasteko, entzuteko eta eskaintzeko aukera jarri nahi diegu bai eskolakoei, bai herriari. Musika eskola herriarentzat zabaltzeko proiektu batean sartuta gaude», azaldu zuen herenegun Aitor Biain zuzendariak.
Ikasteko atalean, tailerrak, kontzertu didaktikoak eta hitzaldi bat antolatu dituzte. Tartean, informatika musikalari buruzko bost orduko ikastaroa, edo inprobisazioari buruzko bi orduko tailerra jarri dituzte. Edonork eman dezake izena.
Areria antzokia «zirko» bihurtuko dute. Zirko musikal erako ikuskizuna ekarriko dute, «zirkoaren kutsu magikoari musika gehituta». Bi emanaldi izango dira, martxoaren 25ean: eguerdian ikastolako haurrentzat, hiru urtetik LHko 2. mailara arte. Eta arratsaldean herritarrentzat.
«Formakuntzan garrantzitsua da norbere lana plazaratzea. Ikasle guztiei eman behar zaie aukera. Hasiberriek, helduek eta tresnetako ikasleek edukiko dituzte emanaldiak. Baina garrantzitsua da besteek egiten dutena jasotzea ere», dio Biainek. Hala, eta entzuteko sailean, estilo ugaritako emanaldiak izango dira.
Cano eta Barandiaran, batera
Poesia eta musika uztartuko dituen errezitaldi musikatua da, besteak beste, berritasuna. Harkaitz Cano idazle lasartearrak eta musika eskolako gitarra irakasle Beñat Barandiaran billabonarrak osatuko dute. «Ez da ohiko errezitaldia izango Sidekar Arima. Cano aspalditik ezagutzen dut, eta sidekarrean bezala, bi pertsonak egindako bidaia izango da», dio Barandiaranek.
Text-jockey modura garatuko dute saioa. «Canok narrazio batzuk hartuko ditu, beregan iragazi, eta bere hausnarketak tartekatuta emango ditu». Inprobisaziorako tartea ere izango da: Barandiaranek jotako musikak iradokitzen dionarekin testu aukeratuak leituko ditu Canok; eta alderantziz. «Hausnarketa momentu bat izatea nahi dugu, atsegina. Ez dira halako asko egiten».
Musika kalera ere aterako dute, hilaren 27an. Skate parkean, Hirigoien kaleko plazan, Zelaian, Areriako eskaileretan eta plaza ertzean joko dute taldeek.
Egitaraua
Lazkao Txiki Musika Eskolaren kultur astea, martxoaren 24tik apirilaren 1era
Tailerrak.
- Informatika musikala. Martxoak 24-28, 13:00-14:30.
- Inprobisaziorako sarrera. Martxoak 26 eta 28, 16:30ean.
- Martxoak 24: hasiberrriena (17:00); helduena (19:00).
- Musika kalean, bost tokitan ordu erdiro (martxoak 27, 17:00)
- Gitarra eta piano entzunaldia (apirilak 1).
- ‘Badator zirko musikala’ (martxoak 25, Arerian). Ikastolako ikasleentzat 14:30ean, herritar ororentzat 17:00etan.
- Sidekar Arima. Harkaitz Cano idazlea eta Beñat Barandiaran musikaria. Musika-poesia errezitaldia (martxoak 25, 19:00, Gerrikon).
- Euskal Musika Monografikoa, Oin-Arin dantza taldea eta Maizpideko ikasleak (martxoak 26, 18:30, Arerian).
- Ganbara abesbatza oñatiarra (martxoak 29, 19:30, elizan).
- Musika eta matematika, Aitor Biainek (martxoak 28, 18:00).