«2004an egindako diagnostikoan jada ikusi genuen TAO ezartzeko beharra»
Gertutik ezagutzen ditu Hilario Urretabizkaiak Beasaingo aparkaleku eta trafiko arazoak. 2004an egin zen diagnostikoan ikusitako arazoei konponbidea jartzen daramatza azken urteak. Gertutik jarraitu du Beasainen TAO sistema jartzeko prozesua.
Zer arazo zegoen Beasainen TAO ezartzea erabakitzeko?
Aparkaleku arazoa nabaria da. Zerbait erostera edo enkarguren bat egitera datorrenak ez du lekurik aurkitzen erdigunetik gertu, eta aldiz, lanera etortzen zen jendeak goizaldetik egun osoan zehar, autoak erdigunean aparkatuta uzten zituzten, enkarguak egitera datozenei lekurik gabe utziz. Eta alderantziz izan behar lukeela uste dugu: ordu askotan ibilgailua aparkatuta eduki behar duenak urrunago, eta momentu batean egiteko zerbaitetara datorrenak gertuago aukera izan beharko lukeela.
Horrek zer arazo sortzen ditu?
Gaizki aparkatutako autoak, bigarren lerroan aparkatzen dutenak… traba handiak sortzen dituzte batzuetan. Gainera, aparkaleku bila bueltaka ibiltzen diren autoek trafikoa gehitzen dute. Bueltaka ibili ordez, zuzenean Bernedo Eneako aparkalekuan aparkatuko balute, trafiko gutxiago egongo litzateke erdialdean. Baina, denek ate aurrean aparkatu nahi izaten dute.
Noiz erabaki zenuten zerbait egiteko garaia zela?
2004an trafiko diagnositko bat egin genuen, herrian zeuden arazoak eta beharrak detektatzeko. 2004ko diagnostikoan jada TAO ezartzeko beharra ikusi zen.
Eta orain asmoa errealitate bihurtzera doa.
Bai. Diagnostiko hartatik ateratako ondorioekin neurri batzuk hartu ziren: Kale Nagusia oinezkoentzat egokitzea, anbulategi zaharreko biribilgunea… eta diagnostiko harren ostean, egiteko gelditzen den azken neurria da TAO ezartzea.
Zer iruditu zaie neurri hau herritarrei?
Dendari gehienek ondo hartu dute albistea, aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko aspaldi ari zirelako eskatzen. Gainerakoan, jendeak zalantzak ditu. Gauza berria da Beasainen TAOrena, eta berria edo ezberdina den guztiak bezala kezkak sortzen ditu. Baina, arazoarekin ados daude guztiak.
Zergatik aukeratu duzue TAO sistema mota hau?
Egun dauden TAO sistemak aztertu ditugu, eta dauden horietatik gauza onenak hartzen saiatu gara, ahalik eta modu egokienean aparkalekuen arazoari konponbidea emateko. Beasainen jartzeko egokiena iruditu zaigu.
Diru sarrera izango al da parkimetroekin lortuko dena?
Asmoa ez da dirua irabaztea. TAO sistema hau nahiko merkea da. Ordubete 0,70 euro ordaintzen da gune garestienetan. Sortzen dituen gastuei aurre egiteko erabiliko da jasotzen dena.
Nor arduratuko da TAO kontrolatzeaz?
Bi pertsona kontratatuko dira TAO sistemaren kontrola eramateko.
Zergatik ez dute udaltzaingoek kontrolatuko?
Udaltzaingook uneoro izango dugu sistema informatikoan sartzeko aukera, eta TAO sistema gertutik kontrolatu ahal izango dugu. Hala ere, nahikoa lan badugu guk, eta lan karga gutxitze aldera, bi udaltzain gehiago hartu ordez, horretara zehazki zuzendutako bi langile hartuko dira. Gainera, ezberdina da TAO kontrolatzeko edo udaltzain izateko eskatzen den kualifikazio maila.
Kontratatuta al daude dagoeneko?
Ez, oraindik ez. Lan hau egin nahi dutenek Lanbidera bidali beharko dute euren Curriculum Vitaea, astelehena baino lehen.
Maiatzaren 5ean jarriko da martxan. Bitartean lan asko egongo da egiteko, ezta?
Bai. Kaleak margotzen lana egongo da. Udaletik joango dira oharrak bidaltzen, zein egunetan margotuko diren zehaztuz, herritarrei ahalik eta traba gutxien sortzeko.
Zeharkako ondoriorik izango al du TAO ezartzeak?
Neurri honen ondorioz Beasain erdigunera datorren jendeak garraio publikoa (autobusa, trena…) gehiago erabiliko dituela iruditzen zaigu. Horrekin batera, bizikletaren erabilera ere gehitzea espero dugu.