«Erosketa berdeak ez dira zertan garestiagoak izan»
Artitzar Erauskin (Lazkao, 1974) egunero autoa hartu eta Gasteizko Enpresa Eskolara joaten da eskolak ematera. Ekonomista da, eta unibertsitate ikasketak zein ikasketa aurreratuak Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen, Sarrikon, Bilbon. Sarrikon bertan eta Leioan irakasle lanetan aritu eta gero, Gasteizen ari da 2006tik. Tesia aurkeztu du orain gutxi: Erosketa eta kontratazio publiko berderako ekimenak. Gipuzkoa herrialdeko kasurako aplikazioa. Titulu horren atzean dagoen ikerketa gaia «sinplea» dela dio ekonomialariak.
Zein da tesiaren mamia?
Herri administrazioek erosketak eta kontratazioak egiterakoan ingurumen irizpideak erabiltzen dituzten edo ez ikertzea.
Eta zein da ikerketa hori egiteko ideiaren ernamuina?
Asko hitz egiten da azken urteotan klima aldaketari eta beste hainbat ingurumen gairi buruz. Herritarrok garapen iraunkorraren alde egin behar dugula esaten digute, neurriak hartu behar ditugula, eta ardurak herritarrengana bideratzen diren irudipena izan dut. Herri administrazioek, halere, zer egiten dute?
Galdera horren erantzuna bilatu nahian ibili zara?
Bai. Baina galdera zehaztu beharrean nengoen ezinbestean, ikerketa, bestela, zabalegia zelako. Mugatzeko irizpide gisa gure lurraldea erabili nuen, hau da: Gipuzkoako udalek zer egiten dute erosketak eta kontratazio publikoak egiten dituztenean? Ingurumen irizpideak kontuan izaten al dituzte?
Zein da erabili duzun metodologia?
Lanketa gehiena inkesta bidez egin dut. Gipuzkoako udaletxe guztietara inkesta bat bidali nuen, baina erantzun gutxi jaso nuen. Hori dela eta, lagina mugatu egin nuen, eta 5.000 biztanletik gorako herriak aztertu ditut. Herri txikiak kanpoan geratu dira, eta beste bideren bat aurkitu beharko da azterketa hori egiteko.
Ikerketaren abiapuntuan zein zen zure hipotesi nagusia?
Erosketa eta kontratazio berdea garestiagoa delako aurreiritzia oso errotuta dagoela.
Bete al da?
Bai.
Garestiago al da berez?
Erosteko unean garestiagoa da, baina, produktuaren ziklo osoa kontuan hartuz gero, ez dauka zertan garestiago izan. Garesti eta merke zer den zehaztu beharko genuke.
Erosketa eta kontratazio publikoak egiteko moduak ba al dauka aldea norberak bere kontsumorako erosteko moduarekin?
Administrazioan urrats asko bete behar dira erosketak eta kontratazioak egiteko. Teknikari askok esan digute erosketa berdeak egitea lan gehigarri bat dela, trabak sortzen dituela eta prozedura zailtzen duela. Horrek atentzioa eman dit.
Aztertu dituzun herri administrazioen kontsumo portaerak sistematiza al daitezke?
Ez. Donostia, Arrasate, Legazpi nahiko herri dinamikoak dira; gauza asko egiten dituzte, baina ekintza kantitatea eta kalitatea Agenda 21eko teknikariak egiten duen indarraren araberakoak dira. Beraz, ezin da orokortu; giza faktoreak asko baldintzatzen du.
Erosketa eta kontratazio publikoaz hitz egin duzu. Zehaztuko al zenuke herri administrazio batek zer erosten duen eta nola eros dezakeen berdeago?
Arrasateko Udalak lanerako arropak erosten ditu, eta arropa horiek kotoi ekologikoekin ehunduta daude; hori erosketa berde bat da. Arrasaten, garbiketak egiteko produktu ekologikoak erabiltzen dituzte. Usurbilgo Udalak haur eskolako otorduak bertako, sasoiko eta irizpide ekologikoak betetzen dituzten elikagaiekin egiten ditu. Donostiako haur eskoletan pixoihal berrerabilgarriak erabiltzen dituzte. Horrez gain, kiroldegiko zerbitzua ingurumen irizpideekin kontratatu dute.Ordizian eta beste herri askotan argiteria jartzean led bonbillak jarri dituzte. Legazpin eta Ordizian ibilgailu elektrikoak edo hibridoak erosi dituzte kale garbiketa egiteko.
Aldundiak laguntzen al du?
Aldundiak kontratazio zentral bat dauka, eta herriek horren bidez egin ditzakete kontratuak. Esate baterako, mezularitza zerbitzua badago. Horrek paketeak kartoietan biltzen ditu; ez dute plastikorik erabiltzen, eta papera birziklatu egiten dute erabili ondoren. Aldundiaren zerbitzu horren bitartez elektrizitate hornikuntza ere kontrola daiteke, eta bermatu, bide batez, elektrizitatearen %20 iturri berriztagarrietatik jasotzea.
Esan duzu norbanakoari garapen iraunkorraren aldeko neurriak hartzea eskatzen zaiola; herri administrazioari zer eskatu behar zaio?
Administrazioak diru asko mugitzen du, eta eredua ere bada. Horrez gain, indar handia dauka merkatua aldatzeko; ekoizleek ez badute sumatzen zerbaiten beharra dagoela, ez dute ekoitziko, eta administrazioek bideratu egin ditzakete behar horiek. Arriskuak, halere, badaude.
Zeintzuk dira arrisku horiek?
Paper birziklatua eta garbiketa produktu jasangarriak eros ditzakete, eta jendaurrean erakunde berdea direla erakutsi; baina itxura soila izan daiteke.
Oro har, zeintzuk dira tesiaren ondorio nagusiak?
Teknikari gehienek diote erosketa eta kontratazio berdeak egiteak beren lana zaildu egiten duela. Lan gehigarria ere aipatzen dute, eta garestiagoa dela ere bai. Nire ustez, ordea, teknikari horiek trebakuntza jaso behar dute, ingurumenaren irizpidea erabilita lortzen diren emaitzak ikus ditzaten.
Tesiaren lehenengo atalean udalerriak iraunkortasunaren arabera ere sailkatu dituzu.
Bai. Hiru adierazle erabili ditut: ekonomia, gizarte kohesioa eta ingurumena. Gipuzkoako herri guztiak aztertu ditut, txikiak ere bai, eta iraunkorrenak Aduna eta Irura dira; 5.000 biztanletik gorakoen artean, Oiartzun da iraunkorrena.
Legazpik ere aipamen berezia du, ezta?
Tesiaren amaieran bi elkarrizketa egin ditut. Oiartzungo administrazio orokorreko teknikariari eta Legazpiko Agenda 21eko teknikariari. Oiartzungoak argi dauka erosketa berdeak garestiagoak direla, eta lana gehitzen eta zailtzen duela ere bai. Legazpikoa teknikari berezia da; harrituta utzi nau, oso inplikatuta baitago. Legazpin paper birziklatua erabiltzen dute aspaldi, eta egun udal agindu bat dago hala izan dadin. Hornitzaileak lortzeko merkatariekin bildu dira, eta egun errazago da produktu horiek lortzea; sareak ere sortu dituzte.
Erosketak eta kontratazioak gero eta berdeagoak izango al dira etorkizunean?
Administrazioek hortik joan beharko lukete, denontzat hobeto izango bailitzateke.