Garraio zerbitzua hobetzeko aurreproiektua herrietara eramango du aldundiak
Iazko urrian jarri zuen Gipuzkoako Aldundiak autobus garraio zerbitzua hobetzeko prozesua martxan. Behin herritarren ekarpenak jaso ondoren, hurrengo faseari hasiera emateko moduan daude. Atzo egin zuten herritarren parte hartze prozesuko bigarren itzulia aurkezteko prentsaurrekoa Goiekin aldundiko zein eskualdeko udal ordezkariek.
Aldundiko garraio departamenduko Unai Erroitzeneak azaldu zuenez Gipuzkoan 3.000 lagunetik gora lagunek hartu zuten parte udazkenean herritarrekin egin ziren lehen bileretan; Goierrin 400 bizilagun inguru izan dira bildu direnak. «Behin jasotako ekarpen guztiak egoki jaso eta sailkatu ondoren, abendutik otsailera bitartean autobus zerbitzua hobetzeko proiektua idatzi du talde teknikoak; herritarren ekarpen horien arabera aldundiak bere proposamenak egin ditu», esan zuen Erroitzeneak.
Hala, behin aurreproiektu proposamena eskuetan, bigarren itzulia egingo dute herriz herri. Martxoaren 17tik apirilaren 7ra bitarte egingo dituzte bilerak Goierriko herrietan. Aldundiaren proposamena aurkeztu eta zein aldaketa egin diren azalduko da bilera horietan; baita lehen faseko zein ekarpen onartu diren eta zeintzuk ez azaldu ere. Horrez gain, herritarrei, eta baita udalei ere, aukera emango zaie berriro iritzia emateko eta aurreproiektuaren inguruan nahi dituzten ekarpenak egiteko. Ondoren, teknikariek jasotako ekarpenak edo alegazioak landuko dituzte.
Koldo Agirre Beasaingo alkateak nabarmendu zuenez, «Goierrin autobus zerbitzua goitik behera aldatuko da». Herritarren eskaera nagusia izan da herri nagusiak lotzeko zerbitzu gehiago jartzea eta herri txikietatik nagusietara ere zerbitzu gehiago ezartzea. Hainbat linea konbinatuz Lazkao, Ordizia eta Beasain arteko maiztasuna 15-20 minutukoa izango da. Renferen zerbitzuarekin lotzeko ere eskatu dute herritarrek; Zegama-Zaldibia, Ataun-Legorreta edo Gabiria-Legorreta linearen erabiltzaileek. Goierri garaian eskaera nagusienetako bat izan da Zumarragako Ospitalerako zerbitzuak goizago hasi eta beranduago amaitzea.
2014ko maiatzetik abendura bitartean prozesuan jasotakoak aztertu eta behin betiko txostena idatziko da. Udazkenean herrietan aurkezpenak egingo dira. Esleipena egin eta 2015 urte hasiera aldera autobus zerbitzu berria martxan jartzea da aldundiaren nahia Erroitzenearen arabera.
BILERAK HERRIZ HERRI
Martxoa
- Ordizia. Hilak 17 astelehena, udaletxean. 18:00etan.
- Beasain. Hilak 18 asteartea, udaletxean. 19:00etan.
- Lazkao. Hilak 19 asteazkena, udaletxean. 18:00etan.
- Ataun. Hilak 20 osteguna, udaletxean. 19:00etan.
- Segura. Hilak 20 osteguna, kultur etxean. 18:00etan.
- Zaldibia. Hilak 24 astelehena, kultur etxean. 18:00etan.
- Mutiloa. Hilak 24 astelehena, udaletxean. 18:00etan.
- Idiazabal. Hilak 25 asteartea, udaletxean. 18:00etan.
- Zerain. Hilak 25 asteartea, kultur etxean. 18:00etan.
- Zegama. Hilak 27 osteguna, kultur etxean. 18:00etan.
- Olaberria. HIlak 27 osteguna, jubilatuen egoitzan. 18:00etan.
- Gabiria. Hilak 31 astelehena, kultur etxean. 19:00etan.
- Legorreta. Hilak 31 astelehena, udaletxean. 18:30etan.
- Arama-Altzaga. Hilak 1 asteartea, udaletxean. 18:00etan.
- Gaintza. Hilak 1 asteartea, udaletxean. 18:00etan.
- Ezkio-Itsaso. Hilak 2 asteazkena, udaletxean. 18:00etan.
- Legazpi. Hilak 3 osteguna, udaletxean. 18:30etan.
- Ormaiztegi. Hilak 3 osteguna, udaletxean. 18:00etan.
- Urretxu-Zumarraga. Hilak 7, Zelai Ariztin, 18:00etan.
- Itsasondo. Hilak 7 astelehena, udaletxean. 18:00etan.