Jantzi tradizionalak atontzen erakutsiko dute bihar Olaberrian
Euskal jantzi tradizionalak janzteko modua, era zuzena eta atontzeko aukerak zeintzuk diren azalduko dute Beasaingo Ostadar dantza taldeko kideek, bihar, Olaberrian. Kultur astearen azken txanpa bihar-etzitan izango da. Euskal jantzien atontze ikastaroa bihar 17:00etan izango da. Izena udaletxean eman behar da.
Berez aurreko larunbatean egitekoa bazen ere, astebete atzeratu dute saioa. Batetik, jantziak eta osagaiak nola lotu, soineratu edo konbinatu behar diren esplikatuko dute Ostadarreko adituek. «Denentzat da erabilgarria. Zapiak nola lotu… Ez umeei bakarrik, helduentzat ere azalpenak balio du», aurreratu du Olaberriko Udaleko Kultura teknikari Ana Mari Telleriak.
Bestetik, XIX. mendetik gaur egunera arteko euskal herritarren janzkeraren errepaso historikoa egingo dute: jantzi moten sorburua, osagai bakoitzak zer esanahi eta erabilera zuen, konposaketa edota ezkonduen nahiz ezkongabeen desberdintasuna zerk egiten zuen; halako gaiak aurkeztuko dituzte.
Pilota partida ugari
Igandean bukatuko da kultur astea, otsailaren 28an inauteri festarekin hasi zen egitarau luzea. Asteburuan pilota eskaintza aparta egongo da. Bihar, 16:00etan, Olaberriaren eta Lazkaoren arteko erronka jokatuko da. Gero askaria egingo dute, Arkupen.
Igandean, 10:00etan hasita, lau partidako jaialdia izango da. Goierriko IV. Kopa pala txapelketako bi finalak jokatuko dira, paleta larruz eta pala motzean. Emakumeen pala erakustaldia eta gazteen lehiaketa ere badira.