Koordinadora Feministaren sorrera txalotu du Urola Garaia udal elkarteak
Urola Garaia mankomunitateak martxoaren 8ko kanpaina aurkeztu du Zumarragan. Orain arte itxaron du, sortu berri den Koordinadora Feministari protagonismoa ez kentzeko. Datozen egunetako ekitaldien artean, azpimarratzekoa da gaur Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean irekiko duten erakusketa. Talde feministen kartelez osatua dago eta horien lana aldarrikatu eta eskertu nahi du. Kanpaina atzo aurkeztu zuten, Zumarragako kultur etxean.
Urola Garaia mankomunitateak martxoaren 8ko kanpaina aurkeztu du Zumarragan. Orain arte itxaron du, sortu berri den Koordinadora Feministari protagonismoa ez kentzeko. Datozen egunetako ekitaldien artean, azpimarratzekoa da gaur Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean irekiko duten erakusketa. Talde feministen kartelez osatua dago eta horien lana aldarrikatu eta eskertu nahi du.
Kanpaina atzo aurkeztu zuten, Zumarragako kultur etxean. Ekitaldian, Urola Garaiko Berdintasun batzordeko ordezkariek hartu zuten hitza: Oihane Zabaleta mankomunitateko lehendakariak eta Urretxuko alkateak, Begoña Pereira Zumarragako zinegotziak, Jon Altolagirre Urretxuko zinegotziak, Lurdes Ugarte Legazpiko zinegotziak eta Lurdes Lasa Ezkio-Itsasoko zinegotziak.
Zabaletak martxoaren 8ko kanpainaren aurkezpena martxoaren 13an egitearen arrazoia azaldu zuen: «Orain arte instituziook egiten genuen deialdia. Honek bi irakurketa posible ditu: alde batetik, udal elkarteak oso inplikatuta gaudela eta, bestetik, ez zegoela deialdi hori berea egiten zuen emakume talderik».
Zabaletaren esanetan, hori «negatiboa» zen. Izan ere, elkarteak dira aldaketaren motorra. «Laura Gomez Aldundiko Berdintasun zuzendariak esan zigun bezala, emakumeok lortutako eskubideak mugimendu feministari eta emakume elkarteei zor dizkiegu». Zabaletak duela gutxi mundu mailan egin den ikerketa bat ere ondorio horretara iritsi dela gehitu zuen.
Hori dela eta, udal elkarteko Berdintasun arloaren lehentasuna emakumeen jabekuntza eta parte hartzea bultzatzea izan da. Horretarako, jabekuntza eskola sortu zuen. «Koordinadora Feministaren sorrerarekin, bere helburuetako bat bete du». Koordinadora Eraldatzen bezalako talde beteranoek eta jabekuntza eskolaren itzalean sortu direnek osatzen dute. Azken hauen artean, Org.asmoak elkartea dago.
Zabaletak Koordinadoraren autonomia ere txalotu du. «Jabekuntza eskolarekin lotura estua du, baina autonomoa da. Hor datza bere arrakasta. Ongi etorri beroena eman nahi diogu eta martxoaren 8aren inguruan antolatu dituen ekintzek izan duten arrakastagatik zoriondu».
Erakusketa
Ondoren, datozen egunetan egongo diren ekitaldien berri eman zuten. Gaur bertan, 19:30ean, Bilboko Maite Albiz dokumentazio zentrotik ekarritako kartelekin osatutako erakusketa irekiko dute Zumarragako kultur etxean. Dokumentazio zentro honen helburua emakumeen lana ezagutzera ematea da. «Egun ditugun eskubideak garai batean beste emakume batzuek egindako lanaren fruitua dira. Erakusketa honekin lan hori eskertu nahi dugu. Bereziki Maite Albiz zentrokoek egindakoa. Ia baliabiderik gabe sortu zuten eta 30 urte daramate dagoeneko lanean».
Hilaren 28an, berriz, antzerki saioa egongo da Legazpiko Latxartegi aretoan. Donostiako Emakumeen Etxeko taldeak Emakumeok beldurrik gabe antzezlana eskainiko du.
Bestalde, Ezkio-Itsason emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten ari den gazte taldea, komunikabideetako sexismoari buruzko erakusketa prestatzen ari da. Aurki irekiko dutela aurreratu zuten.
The post Koordinadora Feministaren sorrera txalotu du Urola Garaia udal elkarteak appeared first on Otamotz.