![OSINBERDE_BERTSO_SARIKETA](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/03/OSINBERDE_BERTSO_SARIKETA.jpg)
Bertsolari gazteentzat Goierrin antolatzen den sariketa zaharrena eta ospetsuena hastera doa. Zaldibiako Osinberde saria bihar gauean jokatuko da, izen bereko elkartean —Joxepane ostatua dagoen egoitzan—. Sei bertsolari gaztek parte hartuko dute: bost neska eta mutil bat. Gabirian apirilaren 12an izango den Osinalde sarirako lehen proba baliagarria da Osinberde, eta bi finalista aukeratuko dituzte epaileek. Puntuazioaren arabera, lehendabizi geratzen den bertsolariak jasoko du Osinberde garaikurra. Saioko entzuleek onentzat jotzen duten bertsolariak ere beste sari bat izango du.
Idiazabalgo Axari sariaren lekukoa hartu zuen, iaz, Zaldibiako Osinberdek. Bigarren urtez antolatu dute sariketa. «Oso gustura geratu ginen iaz. Gazteei laguntzeko sariketa da, eta jendeak erantzun ona eman zuen Zaldibian. Bertsolariak ere pozik geratu ziren, ondoren banatu zitzaien inkesta batean ikusi zenez. Sinatuko genuke urtero horrelaxe ateratzea», esan du Osinberde sariaren antolakuntzan dabilen Joxi Irastortzak.
Ohi bezala, bertso saioaren aurretik afaria izango da. 60 bat lagunentzat tokia egongo da elkarteko jangelan. Oraindik 15 bat txartel badaude. Gaur ere erosi ahalko dira, Joxepane tabernan. Jantokia betetzea lortu nahi dute, bertso-giroaren mesedetan. 20:30ean da afaria.
Bertso saioa, berriz, 23:00ak aldera hasiko da. Entzutera joan nahi duenak eta afaltzen izan ez denak ere izango du aukera sartzeko eta bertsoak entzuteko.
Zaldibiako Osinberderen ondoren, Ordiziako Argi-Berri sariak (martxoak 22) eta Aztiriko sariak (martxoak 29) osatuko dute Osinalderen aurreko fasea.
Urteaga beasaindarra
![Gemma Urteaga beasaindarra, 2013ko Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren garailea, nagusien mailan.](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/03/pnga_erakutsi-64-300x225.gif)
Gemma Urteaga beasaindarra, 2013ko Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren garailea, nagusien mailan.
Hiru sailkatze saioetan guztira 18 bertsolarik kantatuko dute. Horien artean hiru goierritar daude: Aitor Irastortza zaldibiarra Argi-Berrin ariko da, Mikel Iturriotz urretxuarra Aztirian, eta Gemma Urteaga beasaindarra.
Urteagak bihar parte hartuko du, Osinberden. Urtarrilean bete zituen 19 urte, eta aurreneko aldiz ariko da Osinalderako saioetan. «Gustura, gogoarekin eta ilusioz nago», dio beasaindarrak.
«Gonbidatzen nauten txapelketa guztietara gogotsu joaten naiz. Baina hau umetatik gertutik bizi izan dut, beti, eta gehigarri bat badu sariketa honek niretzat», aitortu du.
Lehenengo aldiz parte hartuta, biharko saioarekin pertsonalki gustura eta eroso sentitu nahi du. «Helburua hori da. Baina, noski, gustatuko litzaidake Gabiriako finalera iristea».
Orain arte eskolarteko txapelketetan jardun da, eta gazteei eskainitakoetan sartuko da. «Beste etapa bat hasiko zait orain». Osinberde, Osinalde eta beste sariketei ere bai, gazte gehiagorekin berriz ere gaztetuko direlako.