Goierrin, zazpi ordu
Giro berezia, kirol espiritu bildua eta ikuskizun aparta izan ohi zen, garai batean, Euskadiko Sei Orduak. Anoeta belodroan (Donostia) 1979tik 2008ra bitartean ospatu ziren jaialdi haien esentzia Goierrira ekarriko du, aurten, Emaneurre taldeak. Ordizian Goierriko Zazpi Orduak egingo dira, martxoaren 22an, 17:00etatik gauerdira. Belodromoan bezala, txirrindularitza dago egitasmoaren muinean.
Giro berezia, kirol espiritu bildua eta ikuskizun aparta izan ohi zen, garai batean, Euskadiko Sei Orduak. Anoeta belodroan (Donostia) 1979tik 2008ra bitartean ospatu ziren jaialdi haien esentzia Goierrira ekarriko du, aurten, Emaneurre taldeak. Ordizian Goierriko Zazpi Orduak egingo dira, martxoaren 22an, 17:00etatik gauerdira.
Belodromoan bezala, txirrindularitza dago egitasmoaren muinean. Euskal Herriko Itzulia Ordizian hasiko da, apirilaren 7an, eta ekitaldi seinalatu hori denboran, publikoz eta eskaintzaz gehiago zabaltzeko asmotan, egitarau erraldoia bezain mamitsua osatu dute. Izan ere, Itzuliaren bi etapez eta Goierriko Zazpi Orduez gain, gizartearen esparru ugaritara hedatu dute. Hilabeteko egitaraua ondu dute Ordizian, Udaberrian Martxan.
«Hasieran pentsatu genuen apirilaren 7an eta 8an ekitaldiak egitea, Itzuliko etapak Ordizian izango diren egunetan. Elkarteekin hitz egin, eta den-denak prest azaldu dira zerbait antolatzeko. Azkenean asko zabaldu eta luzatu da egitaraua», azaldu du Udaberrian Martxan egitarauaren antolatzaile Eñaut Gereñuk.
Pozik dira antolatzaileak, ideiak harrera bikaina eta erantzun ezin hobea jaso dituelako Ordiziako eragileen aldetik. «Helburu nagusia Ordiziako elkarteen artean zerbait antolatzea zen. Itzulia aitzakia bezala hartuta, denen artean gauza gehiago eta desberdinak egitea». Lortu dute, lortu badute.
Txirrindularitzarekin lotuta, euskal zaletuen artean txirrindulari mitiko maila hartu duten hiru lagunekin hitzaldia ere egingo dute: Marino Lejarreta, Txomin Perurena eta Claudio Chiappucci italiar maitatua, Euskadiko Sei Orduetan partaide izandakoa, hain justu.
Emaneurre, egur batean
Prestaketa lanean buru-belarri ari direnetako batzuk Emaneurre errealzale taldeko kideak dira. Goierriko Zazpi Orduen ideia eta gidaritza hartu dute. «Guk normalean elkartearen kultur astea egiten dugu. Emaneurrek bost urte bete ditu, gainera. Itzulia datorrela eta, dena elkartu eta aurten zer edo zer berezia egitea pentsatu dugu», dio Egoitz Iztueta taldekideak.
Euskadiko Sei Orduekin oroitu, eta hango giroaren lilura Ordiziara ekarri nahi dute. Ordubete gehiago erantsita, gainera. Beti-Alai pilotalekuan izango da gunea, baina Usurbe mendiaren gailurretik parapentean jauzi egitea bezain ekintza ikusgarriak ere txertatu dituzte.
«Ordiziara eta frontoira egokituko ditugu Euskadiko Sei Orduak, pilotalekuak bere mugak dituelako». Hala, geldikako bizikletak, arraunerako ergometroa eta korrikarako zirkuitu laburtua erabiliko dituzte. Pantaila erraldoi bat jarriko dute, proben emaitzak, garapena eta unean uneko informazioa ikusleei erosoago iritsarazteko. Interneten zuzenean emango dute, streaming bidez.
Tokiz mugatu bai, baina ez hala partaidetzaz. Euskal Herriko kirolari puntakoak ekarriko dituzte. «Dimentsio handia hartu du ekintzak, eta handitzen joan zaigu. Azkenean, holako zerbaitetan sartuta, ezin edonor ekarri. Batek bestea ekartzen du. Harrituta gelditu gara kirolarien erantzunarekin. Euren artean ere hitz egin, eta elkar animatu dute. Haiek ere Euskadiko Sei Orduak gustuko zituztela esan digute. Erantzuna oso-oso ona jaso dugu».
Ikuskizuna eta goi mailako kirola ziurtatuta daude. Nola Udaberrian Martxan egitasmo zabalean, hala Itzulian edo Goierriko Zazpi Orduen kasuan, antolatzaileek daukaten guztia jarri dute. Orain, gozatzera.
PROBAK
Ikuskizun oparoa antolatu dute, zazpi ordurako. Kirol arlo ugari landuko dituzte.
- Korrika-parapentea proba. Segura eta Ordizia herrien artean. Frontoitik Usurberaino korrika; kide batek parapentean jauzi, Trebijano zelaira, eta korrika frontoira. Beste kide bati txanda eman, eta yuma eran eskalada.
- ‘Amerikarra’ atletismoan. Itzuli bakoitzeko azkeneko korrikalaria kanporatua. 10 neska eta 10 mutil. 400 metroro esprinta. Euskal korrikalari onentsuenekin.
- ‘Crossf it’ gimnastika. Modalitate lehertzailea, amerikarra. Gimnasioko jarduera desberdinak: pisu altxatzea, flexioak… Donostiako eta Bilboko gimnasioekin, Gipuzkoa-Bizkaia dema.
- Txirrindularitza. Geldikako bizikletetan. Mikel Astarloza, Javier Ruiz de Larrinaga, Irene eta Ana Usabiaga. Bi taldetan, 7 kilometro, txandaka.
- Herri kirolak. Lasto altxatzea (hiru lagun, 90 segundoko lanetan); aizkolari-trontzalari dema, Iñaki Azurmendirekin eta Unai Iraola-Jokin Garmendia trontzalari ikaztegietarrekin. Harri jasotzen Aimar Irigoien.
- Arrauna. Ordiziako Bandera jokatuko da, ergometroan eta banku finkoan. Orio-Hondarribia (mutilak) eta Zumaia-Orio (neskak) demak.
- Sanda profesionala. Wu-shu antzeko arte martziala. Lau borrokaldi (65, 70, 75 eta 80 kilotan). Euskal Herriko selekzioa Madrilgoaren aurka.
- Duatloia. Geldikako bizikletan eta zintan korrika: Egoitz Zalakain, Aimar Agirresarobe, Maider Gaztañaga eta Maialen Muñoz.
- Sokatira. Lagun Onak, Ibarra, Auzolan eta Sokarri taldeak.
- ‘Txikon Xtrem’ telebista saioa.