Gizarte eragileek eta sindikatuek pobrezia eta prekarietatearen aurkako martxa egin dute Goierrin
Ordizian elkartu dira gaur iluntzean Hernanitik zein Legazpitik arratsaldean abiatu diren auto-karabanak. Martxoaren 10az geroztik Euskal Herria zeharkatzen ari da dozenaka eragile eta sindikatu ‘Euskal Herriak bere bidea’ lelopean egiten ari diren martxa.
Goierriko Gutun Sozialaren talde dinamizatzailea arduratu da amaierako ekitaldiaz. Bertan, ezartzen ari diren “politika antisozialek” herritarren pobretzea eta gutxi batzuen aberastea dakartela salatu dute. “Langabeziaren hazkundeak eta gero eta gehiago zabaltzen duten prekarietateak probreziara kondenatzen dituzte gero eta lagun gehiago, eta gero eta gehiago dira pobrezian bizi direnak nahiz eta enplegua izan”, esan dute.
Emakumeek probretzea “bereziki pairatzen” dutela ere nabarmendu dute: “Langabezia gehiago, prekarietate gehiago, prentsio baxuagoak, pobrezia eta desberdintasun sozial gehiago”. Errealitate horren aurrean Gasteizko eta Iruñeako gobernuak prestazio sozialak murriztu izana salatu zuten. Osasunean murrizketak egitea eta etxe kaleratzeak eteteko neurririk ez hartu izana ere egotzi diete agintariei. Honengatik guztiagatik ekin zioten prekarietate eta pobreziaren kontrako kanpainari hilaren 3an Bilbon egin zen goi-bilera ekonomikoan.
Dinamika horren jasotako esaerak plazaratu dituzte Ordiziako ekitaldian. Berehalako hamar neurri betetzeko eskatu dute: “Gutxieneko soldaten igoera; langabezia prestazio duinak izatea; diru sarrerak bermatzeko errenta eta oinarrizko errentaren kopuruak igotzea; larrialdi sozialeko laguntzak eskubide izatea; prestazio sozialak kudeatzerakoan aplikatzen diren murriztapen irizpideak ezabatzea; aurrekontuak handitzea zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak izateko; pertsona guztiei osasun arreta eta etxebizitza duina bermatzea; argindar, gas edo urik gabe inor gera ez dadin bermatzea; adierazpen askatasuna eta ekintza politiko, sozial eta sindikalerako eskubidea bermatzea; eta, azkenik, Euskal Herrian bitarteko propioak eskuratzea, pertsona guztiek bizi duin, autonomo eta kalitatekoa bermatuko duen babes sozial sistema eraikitzeko”.
Martxoaren 20an amaituko da martxa Iruñean. Bestalde, martxoaren 22an Madrilen (Espainia) egingo den Duintasun Martxan hartuko dute parte. Hilaren 18an zutabe bat abiatuko da oinez Euskal Herritik.