Beasainen %36ak hitz egiten du euskaraz, Klusterrak egindako neurketen arabera
Soziolinguistika Klusterrak Beasainen 2013an egindako hizkuntza erabileraren kale neurketen arabera, Beasainen %36ak hitz egiten du euskaraz: Hamarretik hiruzpa-lauk, alegia. Neurketak 2013ko maiatzaren 29tik ekainaren 8ra bitartean egin zituzten herria lau zonaldetan banatuta, zonalde bakoitzean hamabi orduko azterketak eginez, bi ordunaka banatuta. 2003an egin zen Beasainen azken neurketa, eta oraingo emaitzak “posititzat” jo daitezkela azaldu zuten.
%35,8k euskaraz hitz egiten zuen, %60,8k gaztelaniaz eta %3,4k beste hizkuntza batzuetan (errumanieraz eta arabez, esaterako). 500 pertsona ingururen 3.241 elkarrizketa jaso zituzten guztira. Honako faktoreak hartu zituzten kontuan azterketa egiterakoan: Hizkuna, adina, sexua eta elkarrizketan harrek parte hartzen al zuten. Beasaingo zonalde bakoitzean euskara zenbatek erabiltzen duten ere alderatu dute, eta euskaraz gutxien Ezkiagako zonaldean hitzegiten da, eta zabalguneko zonaldean hitz egiten da gehien. Klusterreko Olatz Altunak azaldu zuenez, “sexuari dagokionean, emakumezkoek gizonezkoek baino zertxobait gehiago hitz egiten dute euskaraz”, %3 gehiago. Adinari dagokionean berriz, 2-12 urte arteko haurrak dira euskaraz gehien hitz egiten dutena%57, gero gazteak (%37), gero helduak (%29) eta gutxien hitz egiten dutenak adinekoak dira (%22). Altunaren esanetan, «urrenkera egokia» da hau, “adin tarte gazteena delako euskaraz hitz egiten duena”.
Erabilera maila %36koa bada ere, euskaraz jakin %56k dakitela dio Eustatek. Inguruko herrietako datuak ere azaldu zituzten, elkarren artean konparatzeko: Ordizian %39ak erabiltzen du eta Legazpin %27ak, bi herrietako euskararen jakintza maila %57koa bada ere.