Goierriko irristalari taldea Bergarako lehiaketan ariko da
Goierri Skate Klubeko irristalariek Bergarako skate txapelketan parte hartuko dute, etzi. Gipuzkoako txapelketaren estreinako edizioaren barruan, bigarren jardunaldia da. Lazkaon hasi zen lehiaketa, Euskadiko Skate Jokoak izenarekin, otsailaren 22an. Oiartzunen beste saio bat eta Donostian finala izango dira, hurrena.
Sei urtetik 18ra bitarteko irristalariek parte hartuko dute, neska eta mutil. Bergarako proba 11:30etik 19:00etara izango da.
Lehen jardunaldian, Lazkaon, Goierri elkarteko zortzi kidek lortu zuten Donostiako finalera sailkatzea. 12-15 urte bitartekoen sailean, Larrun Barrenetxea, Lur Vazquez eta Joseba Eskitxabel igaro dira. 15-18 artekoetan, Agustin Imaz, Beni Laver, Azzedin Djatit, Jon Mallet eta Natxo.
Talde berezitua, onenekin
Goierri elkarteak, bestetik, irristalari onenekin talde bat sortu du, Lazkaoko Koba Tours bidaia agentziaren babespean. Goi mailako lehiaketetara joatea, eta ordain baten truke herrietako festetan nahiz irristaketa-pistetan erakustaldiak ematea du helburua. Bederatzi kide ditu.