Nolako Zaldibia nahi duten galdetuko diete herritarrei partaidetza prozesu batean
“Nolako Zaldibia nahi duzu?” Oinarrian galdera horrixe erantzuteko modua izango dute zaldibiarrek eta bertako elkarteek nahiz eragileek, udalak datorren astean hasiko duen Etorkizuneko Zaldibia, eztabaidatu eta erabaki parte-hartze prozesuan. Abendura arte iraungo du hausnarketa eta ideia biltze aldiak, lau fasetean bereizita. Udaleko bi alderdi politikoen babesa eta adostasuna du.
Udalak aste honetan banatu du etxeetara prozesuaren berri. Hainbat azpiegitura, eraikin publiko eta zerbitzuri buruz ekarpenak jaso nahi ditu. «Prozesu hau egitearen arrazoia udalean sumatu izan dugu. Normalean dirurik ez, eta proiektuak laguntzak iritsi ahala egiten dira. Oraingoan, aurre hartu eta zer nolako Zaldibia nahi dugun galderari erantzutea da helburua», dio Eñaut Hernandez zinegotziak.
«Erabaki garrantzitsuenak» herritarrekin batera hartu nahi ditu udalak. Udal arduradunek buruan darabiltzaten egiteko guztiak batera ezin direla garatu, eta herritarren lehentasunak eta iritziak zein diren jakin nahi dute.
Iritzia hainbat gairi buruz
Plaza inguruaren berrantolaketa da erabaki nahi den gai bat. dal eraikina nolakoa, zer estilotakoa eta barrutik nola banatua izatea nahiko luketen galdetuko diete elkarteei. Bestetik, plaza inguru osoa nola diseinatu, bertako frontoia estali bai ala ez eta nola. Udalak Artxanberri eraikinaren azpialdean duen 1.200 metro koadroko lokalari zer erabilera eman ere zehaztu nahi dute.
Azkenik, Lardizabal eskola inguruan jarri nahi dute arreta: haur eskolaren «egoera kaskarra» konpondu —aurrefabrikatutako moduluetan dago— eta jangelaren izaera pentsatuko dute.
Herritarrekin eta elkarteekin prozesua gaur zortzi hasiko da, martxoaren 27an. Batzar orokor batean azalduko dute asmoa, xeheki (herri antzokian, 19:00etan). Gero, elkarte bakoitzarekin aparte elkartuko dira: Beti Gazteko jubilatuekin (martxoak 31), haurren gurasoekin (apirilak 1) eta herriko talde eta eragileekin (apirilak 3). Ekainean eta urrian beste hiruna saio egingo dituzte, eta azaro-abendu partean azken saio orokorra izango da, ondorioak eta konpromisoak zehazteko.
Aldundiaren Itten enpresa publikoaren laguntza du prozesuak, bai ekonomikoa, bai teknikoa nahiz aholkularitza mailakoa.