Datuak hobetu ezean, zegamarrek zabor bilketa sistema aldatuko dute
Bi hilabeteren buruan birziklatze tasa %75era heltzen ez bada, Zegamako Udalak errefusarentzako bilketa berezia jarriko du. Erabaki hori udalbatzako kide guztiek adostu dute, aho batez. Egun, zegamarrek zaborraren %50 biltzen dute gaika.
Udalak gutun bat bidali du etxe guztietara, erabakiaren berri emateko. Bertan, Zegama ere zaborraren inguruko eztabaidan murgilduta dagoela eta Udala betidanik ahalik eta birziklatze tasa altuena lortzen saiatu dela diote. «Helburu hauek hondakinak kudeatzeko plangintza ezberdinek eta Europako direktibek ezarritakoak dira. Egia da asko aurreratu dugula azken urteotan, baina oraindik bide luzea dugu aurretik».
Udalak orain arte lortutako emaitzak ez direla nahi bezain onak izan onartu du. «Aurki hiru urte beteko dira organikoarentzako edukiontzi marroia jarri zenetik. Emaitzak, ordea, ez dira guk nahi genituzkeenak izan».
Zegaman gaikako bilketa %50ekoa da. «Ez dago batere gaizki, baina portzentaia hau mankomunitatearen batazbestekoa (%56) baino baxuagoa da eta inguruko gure antzeko beste herri batzuetakoa baino dezente baxuagoa. Batzuk %75-80ra iritsi dira dagoeneko. Europa mailako helburua 2016an %60ra eta 2020an %75era heltzea da», dio Udalak bere gutunean.
Edukiontzi marroia behar baino gutxiago erabiltzen dela salatu du. «Berdera, marroira bota beharreko hondakin asko botatzen da. Edukiontzietara begiratu besterik ez dago. Horixe da daukaguna eta ez goaz ezkutatzera».
Edurne Albizu (Zegamako alkatea): Herritarrengan konfiantza dugu eta jende asko etorri da jada ontzi marroia hartzera»Hori dela eta, udal ordezkariek, materia organikoa birziklatzea «ezinbestekoa» izatea erabaki dute. Edurne Albizu alkateak erabaki hori hartu aurretik hiru bilera egin dituztela esan du. «Batzuk zuzenean edukiontzi berdea kentzearen aldekoak ziren eta besteak bi edo hiru hilabete ematearen aldekoak. Azken bileran herritarrekin elkartu ginen eta bigarren aukeraren alde azaldu ziren». Ekainerako gaikako bilketa %75era heltzen ez bada, errefusa jasotzeko sistema aldatuko dute. «Sistema berria garestiagoa eta deserosoagoa izango litzateke. Aukera ezberdinak daude: edukiontzi berdea astean behin bakarrik ireki, edukiontzi berdea kendu eta zintzilikarioak jarri…», dio alkateak. Gutunak eragin positiboa izan du. «Herritarrengan konfiantza jarri dugu eta jende asko etorri da jada udaletxera ontzi marroia hartzera. Abisu honekin, materia organikoa edukiontzi berdera botatzen dutenek edukiontzi marroira botatzea espero dugu. Eskutitzean otsaileko bilketa datuen berri eman dugu eta apirilean martxokoena emango dugu». Edukiontzi marroia erabiltzeko behar den material guztia udaletxean dago, herritar guztien eskura. Udalaren eskaera Udalak herritarrei edukiontzi marroia erabiltzeko eskatu die. «Zenbat eta zabor gehiago bota edukiontzi berdera, orduan eta gehiago ordaindu behar dugu zaborraren faktura. Denon esku dago sistemaz ez aldatzea. Gutako bakoitza ahalegintxo bat egin beharrean dago, denon mesedetan».