«Taldearekin egin ezin ditzakedan gauzetarako bidea dut bakarkakoan»
Bakarrean ariko da Ruper Ordorika (Oñati, 1956), ostiralean Lazkaoko Areria aretoan egingo duen kontzertuan. Taldearen dinamikatik irten, eta «beste era bateko ariketa» da beretzat. Gitarra elektrikoa nahiz akustikoa erabiliko ditu Ordorikak, kontzertu berezian.
Sarrerak 5 euroan daude salgai, aurrez udaletxean ere bai. Kontzertua etzi 22:00etan hasiko da, Areria antzokian.
Nolako emanaldia egingo duzu ostiralean Lazkaon?
Bakarka izango da, bakarrik ariko naiz. Horrekin batera, taldearekin ari naiz azken diskoaren ondorengo kontzertuak ematen, horri lotutako errepertorio batekin. Bakarrik ari naizela, berriz, sasoi ezberdinetako kantuak ematen ditut. Ez du harremanik beste emanaldiarekin. Iaz hasi nintzen egitasmo honekin, sorta bat kontzertuan emanez, eta aurten beste txanda bat egingo dut. Guztiz ezberdina da niretzako.
Artista bezala, zer alde ditu bakarka aritzeak?
Ez dut ikusten ez alde edo kontrakorik. Betidanik talde batekin aritu izan naiz, musikari batzuekin. Helburua ez da demagun Ruper Ordorika gehi musikari batzuk, baizik eta hirugarren gauza bat. Taldearekin lantzen dugu sonoritate bat, kantuentzako esparru bat, guztiz ezberdina. Bakarka beti muinetara igotzen da, beste era batera. Iruditzen zait entzuleari beste mundu bat iradokitzen diola. Niretzako ere beste ariketa bat da, zerikusirik ez du.
Beraz, ostiralean Ruper benetakoa entzun ahalko da, horrela esan baldin baliteke.
Hori da. Baina ez dut uste taldekoa gutxiago denik, alde horretatik. Beste zerbait dela esango nuke.
Gaur egungo egoera ekonomiko gordinak gehiago behartzen zaituzte talderik gabe edo ahalik formatu murritzenean jardutea? Ala musikalki beste aukera bat gehiago da?
Nik badut horretan abantailatxo bat, zeren eta bagabiltza taldearekin. Urteetan zehar egin izan dut bikotea kontrabaxuarekin, egin dut hirukotea Hiru Trukukoekin, laukotea, boskoteak… Bakarka ere bai, baina zuk esaten duzun era horretara gehiago. Hau, berriz, aspaldian buruan neukana da, oraindik egiteke neukan ariketa bat, era bat. Lehengo urtean egin nituen bospasei kontzertu. Asko saiatzen gara teknikoki zaintzen. Orduan, nik garbi neukan ez nuela egin nahi zuk aipatzen duzun era horretara. Hau da, behartutako pauso bat eman, nolabait esan; baizik eta aukerakoa.
Baina egia da, baita ere, horretaz gain, Euskal Herrian euskaldun herri asko daudela txikiak direnak, eta ez dezakete denek, ez daukatelako aretorik, edo aurrekonturik, edo jendetzarik. Ezin diote eutsi tramankulu asko behar dituen kontzertu handi bati, zentzu horretan. Gainera, honek ematen dit bidea bestela taldearekin egin ezin ditzakedan gauzetarako. Asteburu honetan Hendaian egon naiz, bihar [gaur] Baionan, eta denetan dira areto oso politak baina talde baterako ez direnak. Hendaian eliza zaharra, edo zinema polit txiki bat Baionan. Orduan, hori ere niretzako gauza interesgarri bat bada. Guk ere behartzen dugu askotan.
Lazkaoko Areria aretoa ezagutzen duzu?
Hain zuzen, Lazkaokoa salbuespentxoa da, zeren eta zinema handia da arrunt. Izan nintzen ikusten, baina hor egitea hobetsi dute eta hor eginen dut. Normalean toki bilduagoetan egiten dut.
Zer tematika aurkeztuko duzu Areriako oholtzan?
Sasoi ezberdinetakoak. Ez dago gai zentralik.
Gaur egun zertan dabil Ruper?
Nire eginkizunetan. Kantuak ondu eta. Horrek ere lana eskatzen du. Beti bezala ene martxan nabil. Ez dakit oraindik nondik nora zeratuko garen, baina beti bada zer eginik, gure adorean. Mantentzen dut neure pausoa.
Goierrin aspaldi izanda edo?
Tarteka izaten gara. Inguruetan badauzkat emanaldiak, Tolosan eta. Ibiltzen naiz noizean behin Goierrietan, nahiz ez izan lehen zena euskal kanturako. Baina beti ibiltzen naiz.
Jatorria ere baduzu zuk eskualde honetan.
Bai, arbasoak, amaren aldetik. Hortxe izan dugu familia. Aita-amak Bizkaitik heldu ziren, baina nire aitita-amamak ataundarrak ziren, biak. Aitita Elias Ataun Aiakoa zen, Ezkurdiotegi etxekoa. Eta amama Gregori zen San Gregoriokoa, izenak aditzera ematen duenez. Sutegikoa. Bazuten haiek, bistan denez, familia, Lazkaon bertan ere bai. Baten baten oraindik ere gogoratuko ditu.