Urretxuar guztien jatorri aniztasuna islatu dute udaletxeko balkoian
Urretxuarren jatorri aniztasuna adierazten duten 38 herrialde ezberdinetako banderak daude zintzilik, astelehenaz geroztik, Urretxuko udaletxean. Izan ere, udal gobernuak jakinarazi duenez, «Urretxun bizi diren pertsona guztiak, bertan edo beste herri batean jaioak izan, urretxuarrak, eta hortaz, euskal herritarrak» dira.
Urretxuarren jatorri aniztasuna adierazten duten 38 herrialde ezberdinetako banderak daude zintzilik, astelehenaz geroztik, Urretxuko udaletxean. Izan ere, udal gobernuak jakinarazi duenez, «Urretxun bizi diren pertsona guztiak, bertan edo beste herri batean jaioak izan, urretxuarrak, eta hortaz, euskal herritarrak» dira.
Lur hau utzi behar izan zuten bizilagunak eta euskal herritarrak gogoan, egun «itsasoaren beste aldetik etorri direnak, ipar, hego nahiz ekialdetik», bertan jaio direnak, hemen bizi edo kanpora joandakoak, guztiek «bizi, sentitu eta egiten dugu Urretxu», zehaztu dute.
Gaur egun, Urretxu «zazpi mila biztanle inguruko» herri bat da, eta herria osatzen duten biztanle horiek jatorria, hein handi batean, munduko herri askotan daukate: «Ainhoa, Tutera, Vigo, Jaen, Derry, La Paz, Chaouen, Idaho, Louga, Nagarote, Sidney…».
Urretxuarren jatorriak
Urretxun hainbat «jatorri, kultura, sentimendu, bizipen eta ohitura» batzen dira, «anitzak eta askotarikoak» denak. Hizkuntzarekin jarraituta, euskara, «euskaldunon hizkuntza historian zehar partekatutako identitatearen adierazpen gorentzat» hartzen du udal gobernuak, «aniztasunean batu eta herri egiten gaituen lokarria». Baina, era berean, gaztelania eta frantsesa ere «gure hizkuntzak» direla dio, «galegoa, arabiera, amazigera, txinera, ingelesa, romania, kitxua, aimarra, errumaniera edo wolofera diren bezala».
Horregatik guztiagatik, udal gobernuak beharrezkotzat jo ditu ondoko zenbait puntu. Urretxuko herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna defenditzea, «haien jatorria edozein dela ere». Jatorri edo identitate arrazoiengatik izan daitezkeen «edozein diskriminazio arbuiatuz, eta hura gainditzeko lan eginez». Era berean, baita, «joera uniformatzaile eta asimilatzaileen aurrean» herriaren kultur aniztasuna babestea eta sustatzea ere, berezko balio gisa.
Berdintasunetik abiatuta
Jatorri askotako urretxuarren arteko topaketako, elkarrekintzako eta elkarlaneko esparruen alde egitea, «bertako aniztasuna ikusgai eginez, eta elkar ezagutzeko dinamikei bide emanez, elkarrekiko errespetua eta onarpena lortzeko». Amaitzeko, «gogoeta, elkarrizketa eta etengabeko eztabaida» bultzatu nahi du udal gobernuak bizikidetza eraikitzeko eta «aniztasunetik abiatuta denok parte sentituko garen gizartea» osatzeko.
The post Urretxuar guztien jatorri aniztasuna islatu dute udaletxeko balkoian appeared first on Otamotz.