Zazpi herrialde azokak batuta
Aurtengo Iparra-Hegoaren barruan, protagonismo berezia izango du Euskal Herriko zazpi herrialdeetako produktuen azokak. Orain arte, igandetan beste ekintza batzuekin batera antolatzen bazuten ere, aurten ere azokari protagonismo eta indar handiagoa emateko, larunbatean, apirilak 5, izango da.
Segurako plazan, goizean, 10:00etatik 14:00etara, Euskal Herri osoko 30 ekoizletik gora elkartuko dira. Gaztak, olioa, esnekiak, eztia, ardoak, kontserbak, gozoak, txerrikiak, ahatekiak, barazkiak, fruituak, mermeladak… denetik dastatzeko eta erosteko aukera izango da.
Azokarekin «elikaduran ere burujabetza» aldarrikatu nahi du Iparra-Hegoak. Xabier Albizu segurarrak (Iparra-Hegoa egitasmoaren antolatzaileetako bat) azpimarratu nahi izan duenez, «Euskal Herrian denetik daukagula erakutsi» nahi dute. Hiru hitzek deskribatzen du filosofia: bertakoa, bertan eta osasuntsua. «Ez daukagu kanpotik erosi beharrik, bertan nahikoa daukagu».
Bertakoek bertakoa erostearen garrantzia azpimarratu du Albizuk. «Bertakook bertako produktuak erosiz, bertakoei ematen diegu lana, eta bertakoei ematen diegu aberastasuna».
Gizartea sentiberatzen
Elikadura burujabetza oinarri hartuta, «nekazaritza iraunkorra» lortzen dela dio segurarrak. Kalitatezko produktu osasuntsuak lortu eta natura zaintzearekin batera, nekazaritza iraunkorrarekin, «herriak eta baserriak bizi» egingo dira, «lanpostuak eta etekinak bertan sortzen direlako». Horrekin guztiarekin, «gure nortasuna mantenduko» da.
Nekazaritza industrialaren aukera eginez gero, berriz, «kalitateko eskaseko» produktuak, «milako kilometrora eginak, ezezaguna, natura kaltetua, hondakin sortzailea, transgenikoak, goseteak…» izango direla dio Albizuk. Horrekin batera, «etekinak nonbaiteko multinazionalentzat izango dira, eta lanposturik ez da sortzen». Ondorioz, «dendak itxi eta herriak hilik, eta baserriak eta lurrak hondaturik» geratzeko arriskua dagoela uste du.
«Guk aukeratzen dugu zer jan eta zer erosi. Baina gure eguneroko jokaerak baldintzatzen du etorkizuna», zehaztu du Albizuk. «Etorkizuna, guztion esku dago», gaineratu du.
Gizartea sentiberatzeko lanean ari dira Seguran. Jangela kolektiboetan bertako produktuak kontsumitzeko lanean ari dira, esate baterako. «Eskola, aterpetxea edo ospitalea dauzkagu Seguran. Aterpetxea dagoeneko Ekolapikon sartuta dago. Poliki- poliki horretara joan nahi dugu», jakinarazi du Albizuk.
Erakusketa
Azokaz gain, EHNEk osatutako Gure Lurra, gure etorkizuna erakusketa jarri dute Botikaxaharran, apirilaren 6ra bitartean. Agroindustria, klima aldaketa, txirotasuna, Via campesina, agroekologia, elikadura burujabetza… ezagutzeko eta etorkizunaz hausnarketa egiteko aukera ematen du erakusketak.
EKOIZLEAK
Apirilaren 5ean, 30 ekoizle inguru bilduko dira Segurako azoka berezian.
- Lapurdi: Kristine Elizondo (Urruña), ardi eta ahuntz gazta. Patxi D’Oiartzabal (Arbona), axoa eta ereximenta.
- Nafarroa Beherea: Panpi Sainte Marie (Ostibarre), euskal txerrikiak. Beñat Negelua (Donaixti), ardi gazta eta ardikiak. Jean Mitxel Urruti (Armendariz), barazkiak eta zukuak. Klaude Miñaberrigarai (Arruta), pate, foie eta kontserbak.
- Zuberoa: Dominike Agergarai (Urdiñarbe), ardi gazta. J.Mitxel Berho (Domintxine), ahatekiak eta kontserbak.
- Araba: Añanako gatza. Bergondako olioa, gazta eta boilurrak (trufak). Ezkuernagako Arabar Errioxako ardoa . Trokonizko Eko-Txip patatak.
- Bizkaia: Laneko kooperatiba (Gernika), txakolina eta sagardoa. Ainara eta Izaskun (Sondika), Txaramela pastak. Kepa Agirregoikoa (Zornotza), behi eta ahuntz gazta.
- Nafarroa: Ekolo (Arroniz) olioa, zukuak eta kontserbak. Bittor Jauregi (Amaiur), euskal txerrikiak. Iturri kontserbak (Arroniz), Begoña Goikoetxea (Etxarri), barraskiloak. Bargotako ardo ekologikoa.
- Gipuzkoa: Eugenio eta Ageda (Segura), eztia. Anttoni Murgiondo (Mutiloa), barazkiak. Joseba Baez (Idiazabal), behi gazta ekologikoa. Leire (Amezketa), ogia eta pastak. Pello Urdanpilleta (Bidania), euskal txerrikiak. Behieko (Altzo-Olaberria), jogurtak eta esnea. Bengoetxea (Olaberria), txakolina.