Segurako madurak ezkutatzen dituen "altxorrak" ezagutzeko ibilaldia egin dute
Biodibertsitate aldetik duen aberastasunari esker, naturgune babestua da Segurako madura. Askok, ordea, ez dute haren garrantzia eta aberastasuna ezagutzen, eta horregatik agian, urte askoan zaindu ere ez da behar bezala egin. Hori aldatu nahian, herriko umeei aberastasun hori erakutsi eta bide batez, etorkizunean maitatu eta zaindu dezatela lortzeko saioa egin dute gaur Seguran. Ibilaldi gidatu baten bidez, erreka ondoko fauna eta landaredia ezagutu ahal izan dute, bai umeek eta bai haiekin batera etorritako gurasoek ere.
Agenda 21 eta Ingurugela bezalako proiektuetan diharduen Joxean Auzmendi izan dute gidari lanetan. Bere hitzetan, Segurako madura “babestu beharreko eta balio bereziko guneen Europa mailako katalogo batean” dago sartuta, Ataungo eta Zaldibiko errekekin batera. Batetik, “haltzadiek eta lizardiek interes handiko habitat natural bat sortzen dutelako”; faunari dagokionean, berriz, bisoi europearra dago, “oso leku gutxitan dagoena eta desagertzear dagoena”; horrez gain, babestutako beste espezie batzuk ere badira: Martin arrantzalea, buztanikara horia eta ur zozoa, eta baita igaraba eta muturluze pirinearra bezalako espezie bitxiak ere.
Madura bezala interes bereziko beste bi gune daude Goierrin, Ataungo Agauntza erreka eta Zaldibiako Aiestaran, denak Nafarroarekin mugan dauden ibaiak. “Horiek denak babestearekin lortzen dena da, korridore ekologiko bat egitea, eta horrela uraren inguruan bizi diren animalia horiek denak batetik bestera ibiltzea, eta bide batez, bailara bateko ibai ezberdinak interkonektatzea”. Zentzu horretan, ibaietan presak kentzeak duen garrantzia aipatu du Auzmendik, animalia horiek toki jakin batean isolatuz gero, arazo genetikoak sortzen baitira.
Kontzientzia sortu nahian
Honelako ekimenekin, gaztetxoen artean aberastasun hori ezagutaraztea eta bide batez, kontzientzia sortzea lortu nahi dute. “Guk nahi duguna da konturatzea segurarrek, zegamarrek, ataundarrek edo zaldibiarrek herrian bertan zer aberastasun duten, izan ere, ezagututakoan sortzen da hura babesteko gogoa. Etorkizuna itxaropenekin eta ametsekin egiten da, eta ume hauek aberastasun hori baloratzera iristen badira, seguru zerbait egingo dutela etorkizunean hau guztia babesteko eta defendatzeko”.