Argazkia: Iñaki Hidalgo
Ligako hemeretzigarren jardunaldia jokatu du Ampo Ordiziak asteburu honetan. Taldeko hainbat jokalariren bajak gehiegi nabaritu ziren, ordea, atzokoan; Richard Muagututia aurrelaria eta Corey Simpson hiru laurdena ez ziren zelairatu. Ampo Ordiziak 23 eta 30 emaitzarekin galdu zuen UES Santboianaren aurka. 7 puntugatik galduta, defentsako bonusa lortu zuten.
Ordizia Rugby Elkartetik azaldutakoaren arabera “aurreko urteetan Altamiran garaipena lortzea oso zaila zen, baina gaur egun ez da horrela eta merke dago Altamiratik puntuak eramatea”.
Santboiarrek goierritarren akatsez baliatzen jakin zuten atzoko norgehiagokan; 15. munuturako bi entsegu lortuta zituzten. Pixkana Ordiziako taldea suspertzen hasi zen eta atsedenaldian markagailuak 11 eta 10ekoa erakusten zuen.
Bigarren zatiaren hasieran bazirudien Ampo Ordiziak garaipena lortu nahi zuela, Joan Tudelak lorturiko entseguari esker. Horren ondoren, ordea “taldea lokartu egin zen” eta kataluniarrak markagailuan aurrera egin zuen; 16 eta 27raino iritsiz. “Taldea erasora joan da, ideiarik gabe ordea, bururik gabeko oiloak bezala”, diote OREtik. Helburua lortu eta lau puntura gelditzea lortu zuen, baina kataluniarrek partidua lokartzen jakin zuten eta ordiziarren beste akats batez baliatuz, zigor kolpe bat transformatu eta 23 eta 30ekoa jarri zuten markagailuan.