«Herri oso bertsozalea da Gabiria, Osinalderi esker»
Bertsolari bezala beste toki batzuetan ezagutu zituen sariketak herrira ekartzeko lanean, aurrenetik Osinalderen antolatzaile izan da Euxebio Igartzabal (Gabiria, 1944). Katea eten ez dadin, langintza horretan dihardu gaur egun Jokin Muruak (Gabiria, 1985). Non izan zuen Osinalde sariak ernamuina? Euxebio Igartzabal: Zumarragan aurretik holako sariketa bat egiten zen, Galeperra elkartean. Luzio Gabiria gabiriarra zegoen han. Zazpi urtean egin, baina zuzendaritza aldatu zenean kendu zuten. Orduan, Gabiriarengana joan ginen hemen egiteko. Uste dut andreak ez ziola poz handiagorik emango ezkontzeko baietz esan zionean. Juan Mari Lekuonarengana ere joan ginen, eta izugarrizko harrera egin zigun. Kantatzen zutenak bertsolaritza promozionatzen hasten ikusteko gogoa bazuela esan zigun. Zein izan da hainbeste urtean jarraitzeko giltza? E.I.: Gabirian errespetu bat izan da. Hemengo zuzendaritzan ere egon dira bertsoa gustatzen ez zaienak ere, baina ez dute hitzik atera hori kentzeko, baizik beraiek ere lana egin dute. Herriko jendearen aldetik laguntasun bat izan dugu, inork ez du dudan jarri. Bertsolaritza asko aldatu eta zabaldu da. Osinalderen arrakasta nola esplikatzen duzu? Jokin Murua: Oraindik arrakasta handia dauka. Nire garaiko bertsolariei entzuten nien Osinalde kristorena zela. Ikusi besterik ez dago Gabirian bertan nolako bertso zaletasuna sortu den. Seguru nago asko Osinalde sariagatik dela. Gazte talde bat elkartzen gara ostegunero, bertsotan [...]
Bertsolari bezala beste toki batzuetan ezagutu zituen sariketak herrira ekartzeko lanean, aurrenetik Osinalderen antolatzaile izan da Euxebio Igartzabal (Gabiria, 1944). Katea eten ez dadin, langintza horretan dihardu gaur egun Jokin Muruak (Gabiria, 1985).
Non izan zuen Osinalde sariak ernamuina?
Euxebio Igartzabal: Zumarragan aurretik holako sariketa bat egiten zen, Galeperra elkartean. Luzio Gabiria gabiriarra zegoen han. Zazpi urtean egin, baina zuzendaritza aldatu zenean kendu zuten. Orduan, Gabiriarengana joan ginen hemen egiteko. Uste dut andreak ez ziola poz handiagorik emango ezkontzeko baietz esan zionean. Juan Mari Lekuonarengana ere joan ginen, eta izugarrizko harrera egin zigun. Kantatzen zutenak bertsolaritza promozionatzen hasten ikusteko gogoa bazuela esan zigun.
Zein izan da hainbeste urtean jarraitzeko giltza?
E.I.: Gabirian errespetu bat izan da. Hemengo zuzendaritzan ere egon dira bertsoa gustatzen ez zaienak ere, baina ez dute hitzik atera hori kentzeko, baizik beraiek ere lana egin dute. Herriko jendearen aldetik laguntasun bat izan dugu, inork ez du dudan jarri.
Bertsolaritza asko aldatu eta zabaldu da. Osinalderen arrakasta nola esplikatzen duzu?
Jokin Murua: Oraindik arrakasta handia dauka. Nire garaiko bertsolariei entzuten nien Osinalde kristorena zela. Ikusi besterik ez dago Gabirian bertan nolako bertso zaletasuna sortu den. Seguru nago asko Osinalde sariagatik dela. Gazte talde bat elkartzen gara ostegunero, bertsotan egiteko. Aurten, umeentzat bertso eskola ere sortu dute, eta 18 haur dabiltza. Herri oso bertsozalea da Gabiria, Osinalde sariari esker.
E.I.: Gero, eta ez dakit beti asmatu dugun, baina beti saiatu izan gara jakiten bertsolariak berak zer nahi duen, gutxi gora-behera denen gustua eginezko saio bat prestatzeko.
Nolako eragina izan du herriko gazteengan sariketa honek?
J. M.: Txikitatik bizi izan dugu. Gurea bezala sentitzen dugu. Herrian hau zegoen, eta etorri egiten ginen, 6-8 urterekin. 14-15ekin zerbitzatzen hasten gara, ni 16rekin gai jartzen ipini ninduten… Batek bestea dakar.
E. I.: Gabirian Osinalde sariketak eta Goruntz dantza taldeak lan handia egin dute herritarrak elkartzeko.
Gabiriatik Goierrira zabaldu da.
E. I.: Orain Goierrin dago eginda sarea. Kanporaketak egiten diren elkarteekin kontatzen dugu. Gainera, nahi dugu elkarte horiek beraiek antolatzea eta aukeratzea, ez hemen daudenak hara joanda. Elkarte hartako gogoa egin dadila.
Ondo dagoena ez omen da ukitu behar. Baina, etorkizunari begira zerbait aldatzeko asmorik?
J.M.: Garai batean bertsolariak bilatzeko lanak izaten ziren bezala, orain denei hots egin ezin diegula gaude. Noizbait aipatu zen laugarren sariketa bat jartzea aurretik, baina ez da bideragarria.
E.I.: Horrek bukaerarako ere konplikazioa ekarriko luke, finalean zortzi izatea, leku gehiago behar izatea… Momentuan, behintzat, hala moduz segitzea da asmoa.
Zuen iritziz, zer ekarpen egin dio Osinaldek bertsolaritzari?
E. I.: Giroa.
J. M.: Bertsolari gazte askori eman zaio aukera kantatzeko eta euren burua ezagutzera emateko. Bertsolariek izugarrizko ilusioarekin hartzen dute kantatzeko gonbidapena.
Eta, alderantziz: Osinaldek Gabiriari edo Goierriri?
E. I.: Bertso munduan ezaupide bat. Hedabideetan oroitzen dira gurekin eta Gabiriako saio honekin.
J. M.: Bertso zaletzen asko lagundu du. Hor ez dago dudarik
Goierriko biltoki
Osinalde elkarteko bilera-gelari erreserbatua deitzen diote bazkideek. Atea zabaldu, eta mahaian bederatzi lagun badaude ere, giroa erreserbatua da. Isilik denak, bertsoa buruan ontzen ari dena hatzei begira. Hasi da kantuan, kide bati erantzunez, hamarreko handi itxuroso bat, hasi eta buka etenik gabe, arrazoiz borobildu arte.
Bertsogintzaren osagai asko dago mahaiaren bueltan. Bertsotan ikasi, jardunez ikasten omen da. Arituaren arituz, gabiriar gazte talde batek ostegunero elkartean bilduz zazpi urte darama, 2007an Atera herriarteko lehiaketa izan zenetik. Osinalde sariaren puntua ez da lehiaketarekin isiltzen.
Pare bat orduko saioak egiten dituzte, aldiko. «Librean hasten gara lehenengo, buelta batzuk. Gero ofizioetan saio batzuk, tartean puntu-erantzunak batzuetan, eta bukaeran bakarka», azaldu du Mikel Asurabarrenak.
«Oporrak opor egiten ditugu; udan, Gabonak, Aste Santua… baina bestela urte guztian aritzen gara», gaineratu du Gorka Maizek. «Udan bestela ere saio asko edukitzen ditugula eta…», gaineratu du, txantxetan, Endika Igartzabalek.
Bertsoa, ziria eta adarraz gain, serio hartzen dute. «Ez da giroa eta ondoren egiten dugun afaria bakarrik. Bertsoetan ere gustura aritzen gara. Denoi gustatzen zaigu bertsoa, asko», ziurtatu du Asurabarrenak. Orain Martxoan Bertsoa lehiaketarekin zentratuta daude buru-belarri, Gabiriako bi talde eta hirugarrenean Maialen Akizu gabiriar-urretxuarra sartu direlako gaurko finalera. «Nabaritu egiten dira entrenamendu hauek. Batere ibili gabe aste batzuk pasatzen baditugu, hona etorri gabe, antzeman egiten da», dio Endikak.
Bertsolari askoren habia
Normalean herriko bederatzi-hamar bat lagun elkartzen dira, Antzuolatik etortzen den Aitzol Iturbe tartean. Euxebio Igartzabalek eramaten dizkie gaiak —Mikel Mendizabal ere ibili zen—.
Txapelketa garaietan, Osinaldeko entrenalekua Goierri osora zabaltzen da. Gipuzkoako Txapelketaren garaian, adibidez, Iker Zubeldia, Aitor Sarriegi, Iban Urdangarin eta Iñaki Apalategi ere joaten ziren, baita Beñat Lizaso azpeitiarra ere.
Erreserbatuko atea itxi, eta bertso giroak segitu du. Osinalde elkartea hutsik egonda ere.