Mikel Iturriotz urretxuarra, Osinalde sariko finalera
Mikel Iturriotz urretxuarrak eta Xabier Igoa aramaioarrak eskuratu dituzte hilaren 12an Gabirian jokatuko den Osinalde sarirako azken bi txartelak. Eurekin batera, Aitor Irastortza zaldibiarra, Malen Amenabar larrabetzuarra, Josu Oiartzabal azpeitiarra eta Aitor Salegi zestoarra arituko dira. Bi goierritarrek abestuko dute, beraz, Gabiriako saioan.
Iturriotzek eta Igoak larunbatean Aztirian jokatu zuten saioan lortu zuten finalerako txartela. Entzuleen saria Eneritz Artetxe azkoitiarrak irabazi zuen. Afarian 65 lagun elkartu ziren eta horiei bertsoak entzutera joandakoak batu zitzaizkien. Entzuleen artean, aurtengo lehiaketan parte hartu duten hainbat bertsolari egon ziren.