Ruandarrak Goierriri deika
Lazkaoko Rwanda elkarteko bi kide Ruandan izan dira, herritik eta Goierritik laguntzen dituzten proiektuak ikusten eta onura hori jasotzen duten ruandarrak bisitatzen. Laguntza beharrezkoa da.
Azkeneko aldiz orain dela hamabost urte izan ziren Ruandan Txomin Barandiaran lazkaotarra eta Jokin Izagirre segurarra. Orain, hamabost egunez izan dira bisitan Kamonji eskualdeko Kaienzi eta Gihara herrietan, Lazkaoko eta Goierriko elkartasuna jasotzen duten gunean. Ez dute aldaketa handiegirik sumatu azken alditik; Europatik bidaltzen den diru laguntza eta elkartasuna behar-beharrezko dute oraindik ere hango bizilagunek.
Madrilgo Jesus Maria eta Jose moja konpainiaren bidez garatu dituzte lazkaotarrek azken lau urteetan proiektuak. Ruandako hiriburu Kigalin auzune modernoak eta eraikin berri ugari ikusi badituzte ere, Gihara eta muinoetako landa eremuko herrixketan eguneroko jana topatzeak du lehentasun guztia. «Hiriburua borobil bat bezala da, baina Kaiensin —han hartu dute ostatu— eta muinoetan aldaketa oso gutxi ikusi dut. Argiteria eraman dute, baina bestela ez dago alde handirik», dio Barandiaranek.
Lazkaoko misiolari Leandro Esnaolaren bitartez egin zuten hartu-emana Gihararekin, 1995ean. Izagirre eta Barandiaran izan ziren orduan ere. «Lehen bidaia hartan gure irudipena izan zen hara joan eta hamabost egunean ezin dela ezer egin. Zerbait egitekotan, hemendik egin behar zela», dio Izagirrek. Hala, harrezkero Elkartasun Astea antolatu dute Gabonetan, eta San Benito ikastolarekin lantzen dute gaia.
Nekazaritza lurrak dira gehienak, presio demografiko handikoak. Giharak 50.000 biztanle ditu, Gihara, Masaka, Muganza auzoetan banatuta. Hori da goierritarren jardun eremua. Gosea eta aukera urritasuna dira lege. 2013an Muganzan eskola berria eraiki zuten Lazkaoko Udalak eta herritarrek emandako sosekin.
Garapen laguntzak eta ezinak
Olaberriko Udalak ere badu kooperazio programa bat, duela urte askotik. Rwandar Wejo proiektua finantzatzen du: eskolatik kanpo gelditzen umeak bildu, eta gutxieneko hezkuntza bat jasotzen dute hiru urtean. «Egunero bazkaltzen dute hala».
Ormaiztegiko Irizar kooperatibak emandako diruarekin, berriz, 46 neska-mutikori laguntzen zaie, eskola ordaintzen. «2.000 euro eman zituen, eta guk osatutako 3.000 eta gehiago eurorekin beka ematen zaie. Ofizio bat ikasteko aukera dute. Beka horiekin ez bada, eta jende asko dago lagunduta, ez lukete eskolara joateko aukera edukiko», dio Izagirrek.
Gerraren ondorenak oraindik ere badira, gainera. Tutsien etnia %15 soilik izanagatik, multzo menderatzaile horretako Kagame da presidente. Diktadura militarra da, eta errepresioa, bortitza.
Bestetik, Ruandak Kongotik irteten den kolunbita-tantalita mearen (koltana) merkaturatzea kontrolatzen du. Ruandaren menpeko gerrillak hartua du Kongoko meategi eremua, eta Europara edo mendebaldera bidaltzeko atea da. Koltana telefono mugikorrak eta gailu elektronikoak egiteko erabiltzen da, eta diru iturri nagusia da Ruandako elitearentzat. Kigali eta hango sektore jakin batzuk dira ispilu.
Beste proiektu bat ere ikusi dute, hies gaitza dutenei laguntzeko. Amak bularreko haurrari kutsa ez diezaion, mojek elikatzen dituzte umeak, baita sarri amak ere. «Ez dira hezkuntzarekin lotutako proiektuak, baina beharrezkoak dira. Halako mila gauza daude, eta denak egiteko».
Elkartekoek badakite «pertsona batzuen arazo jakin batzuk» bakarrik konpontzen direla elkartasun hutsarekin. «Hori ondo dago. Baina arazoa estrukturala dela konturatu behar dugu».
Erreka eragin ezean, tantaka
Kontzientziazioa eta haurrengan baloreak txertatzea ikusten dute lazkaotarrek etorkizuna hobea izatekos gakoak. «Egoera horiek zergatik ematen diren eta zergatik mantentzen diren, arazo potoloak dira, eta horietan ere sakondu beharko genuke gizarte bezala», dio Izagirrek, bulegoan sakelako telefono batek alai jo duen bitartean.
Bien bitartean, ordea, gizakien larritasuna arintzen jarraitu beharra dagoela argi dute. «Bidaltzen den laguntza ondo bidalita dagoela pentsatzen dugu. Hango jendeari iristen zaio, eta ondo gastatuta dago. Horri esker zenbait lagun hobeto bizi dira».
Hurrengo zeri heldu erabakitzen ari dira, ruandar bideratzaileekin batera. Batwa etniakoentzat —pigmeo bezala ezagutuak— etxebizitzak eraikitzea izan liteke, «pobreetan pobreenak eta baztertuenak direlako».