Gazte Eguna ospatuko dute zapatuan Lazkaon
Lazkaoko Gazte Asanbladak hirugarren urtez jarraian Gazte Eguna antolatu du. Etzi ospatuko dute, larunbatarekin. Egun osoko egitaraua prestatu dute, goizetik iluntzera.
Herriko II. Frontenis Txapelketaren azken partidekin hasiko dira, 11:00etan. Aurrena, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurketa jokatuko dute, Intsausti-Olaran eta Barreros-Arizmendi bikoteek. Jarraian, finalean Kaki-Oskarbi —Intsausti eta Olaran kanporatu zituzten finalaurrekoan, 30 eta 18— eta Sarriegi-Aldasoro —Barreros eta Arizmendiri 30-12 irabazi zieten— bikoteak ariko dira.
Pilotarekikoak bukatutakoan, 13:00etan triki-poteoa hasiko da, herri guneko tabernetan. 15:00etan bazkaria egingo dute, plazan. Bazkalondoa kantaldiarekin alaituko dute.
Arratsaldean, 18:00etan, slackline eta monoziklo tailerra emango dute. 19:30ean, azkenik, Lizarrako batukadak alaituko ditu Lazkaoko kaleak.