Gerrei buruzko hitzaldi sortarekin hasi da Segurako Iparra-Hegoa
Aste honetan ari dira egiten Segurako Iparra-Hegoa kultur astea. Lehen hiru egunetan beste horrenbeste hitzaldi eman dituzte eta gaur Ortzaizeko ikastolako haurrak Segurara etorriko dira. Bi egun emango dituzte Seguran. Larunbatean merkatua eta gazteen topaketa egongo dira eta igandean musika eta gastronomia izango dira nagusi.
Xabier Albizu antolatzailea gustura ageri da hitzaldiek eman dutenarekin: «Helburuak bete ditugu, eta hitzaldi interesgarriak izan dira: gerrek eta gerren ondorengoek Iparraldean eta Hegoaldean izan duten eragina ezagutzeko balio izan digute».
Gaur Ortzaizeko haurrak etorriko dira eta etzi Euskal Herri osoko gazteak. Albizuren ustez, oso garrantzitsua da haurrek eta gazteek ere ekitaldietan parte hartzea: «Haurrei hasieran exotikoak iruditzen zaizkie mugaren beste aldekoak, baina ondoren harreman estua egiten dute. Lehen ikastolarekin etortzen ziren haurrak, orain musika jotzera edo lagunekin etortzen dira».
Gazteei dagokienez, etzi Euskal Herri osoko 200 bat etorriko dira. «Larunbata gazte mugimenduari eskaini nahi diogu, beraiek baitira etorkizuna eta beraiek hartu behar baitute lekukoa». Azoka ere egongo da etzi. «Oso ekitaldi garrantzitsua da, eta Euskal Herri osoko 35 bat ekoizle etorriko dira», azaldu segurarrak.
Iparra-Hegoa fruituak ematen ari dela dio Albizuk: «Nork esango zigun guri duela 18 urte horrenbeste jende etorriko zela!». Gainera, goierritar askorengan Iparraldea hobeto ezagutzeko gogoa piztu dute. «Geroz eta jende gehiago joaten da Iparraldera, nahiz eta mugak dauden: bai fisikoak eta bai hizkuntzari dagozkionak. Bai han eta bai hemen euskaraz ez dakien jendea dago. Honek euskaraz ba ote daki? Eta euskaraz badaki, elkar ulertuko al dugu?, pentsatzen dugu. Baina beldur horiek lehen joan-etorrian gainditzen dira».