Iparra-Hegoa, baita ferian ere
Seguran urtero egiten den jaialdia da Iparra-Hegoa, baina haren oihartzunak, Ordiziako feriaraino ere iritsi dira. Goizeko hamarretarako udaletxe aurrean ziren Hazparneko (Lapurdi) Elhuyar ikastetxeko 31 ikasle, feriako bisitari ekiteko prest. 13 eta 14 urteko neska mutikoak elikadura gaia lantzen ari dira, eta duela 5 urte Azpeitiako Urola Ikastolarekin hasi zuten elkartrukea baliatuz, Ordiziako azoka ere bisitatu dute aurten.
«Duela 30 urte Azpeitia eta Hazparneren artean hartu emanak hasi zituzten eta hortik sortutako ekimena» dela argitu digu Helene Irazabal irakasleak. «Hiru eguneko ateraldi honetan hautatutako gaia lantzeaz gain, euskara ikasteko ere ongi» datorkiela azaldu du Anita Lopepek, baikortasunez, «eta bide batez, ikus dezaten hemen euskaraz bizi dela jendea».
Hego haize zakarrarekin batera ipar aldeko aide bezeria bazuen atzoko feriak beste arlo batzutan ere. Jabier Lacalle aguraindarrak, esate baterako, Iparraldeko bezero batengandik propio jasotako eskaera izan du: «25 kiloko hazitako Agria patata nahi dute, han ez dela horrelakorik izaten eta; Arabatik Nafarroa Beherera, ea zer ematen duen!».
Gazta protagonista
12 hilabete, 12 produktu egitasmoa laugarren hilera iritsi da dagoeneko, eta gazta izango da sasoi honetako protagonista. Eta hara non eta atzokoan lehen aldiz ekarri zuen Leitzako Juan Ramon Lizarragak Azkorria Xiberoko ardi gazna. Informazio orriak dioenez, «Azkorria, gaznakaia koperatiba 17 laborarien arteko koperatiban lehengo maneran eginik, ardi ezne hütsarekin eta ekei natüralekin».
Baba berria hasi da
Barazkietan, baba berria hasi dela azpimarratu behar da; Anoetako Maitek ekarri du (kiloa 5 euroan). «Negutegikoa da, kanpo libreko gutxi batzuk ekarri ditut baina gutxi oraindik». Landaretan berriz, piper txorizeroa da salgai, 12 euroan ehuneko sorta, baina oraindik goiz da negutegi barruan landatzeko ez bada behintzat.
Zizak merkatu egin dira
Ziza kopurua nabarmen hasi da igotzen; kanpotik ekartzen hasi dira, eta ondorioz, prezioa merkatu da poliki. Atzo 50 kilo ziren azokan, kiloa 50 eta 60 euro artean salgai.
- Aste honetako prezioak