Lazkao Txiki omenduko dute igandean
Gaur 21 urte hil zen Joxe Migel Iztueta Kortajarena, Lazkao Txiki. Lazkao jaioterrian, harrezkero urtero egin duten bezala, bertsolari eta herrikide maitatua gogoratuko dute. Lazkao Txiki gogoan ekitaldia prestatu dute iganderako. 12:30ean hasiko da, haren eskulturaren aurrean, Zelaian.
Gerriko kultur elkarteak Lazkaoko beste hainbat eragilerekin batera osatuko du ekitaldia. «Urteroko estiloan izango da, aldaketarik ez dugu sartu aurreko aldietatik, ondo funtzionatzen duen formatua delako», azaldu du Gerrikoko Joxepa Madariagak.
Hala, Oin-Arin dantza taldeak, Lazkao Txiki Musika Eskolak eta Goierriko Bertso Eskolak parte hartuko dute. Dantza, musika eta bertsoak tartekatuko dituzte.
Iaz ekitaldi berezia izan zen, Lazkao Txikiren heriotzaren 20. urteurrena zelako, batetik, eta San Benito ikastolak 50 urte eta Maizpide euskaltegi-barnetegiak 25 urte bete zituztelako, bestetik.
Lazkao Txiki 1926an jaio zen, Lazkaomendiko Abalin baserrian. 1993ko urtarrilaren 24an kantatu zuen, azken aldiz, jende aurrean, Donostian ospatutako Bertso Egunean. Hurrengo egunean ebakuntza bat egin zioten, baina ez zen gehiago esnatu. Koman egon ondoren, apirilaren 3an hil zen.
Lazkaomendin bertso afaria, bihar
Igandeko omenaldiaz gain, Lazkao Txikiren herrikideek, auzokoek eta bertsozaleek mahaiaren bueltan ere oroituko dute bertsolaria. Urteroko legez, bertso afaria antolatu dute Gerriko elkarteak, Lazkao Txiki Taldeak eta Lartxai elkarteak. Lazkaomendiko soziedadean izango da, bihar, 20:30etik aurrera.
Beñat Gaztelumendi añorgarra eta Alaia Martin oiartzuarra ariko dira bertsotan, afal ondoren. Lehenbizi, afaritan, menu hauxe izango dute: txorizoa, bakailaoa, txerri saiheskia eta mamia. Afaltzeko izena aurrez eman behar zen, astearterako, Gerriko liburu-dendan edo Lartxai elkartean. 12 urte artekoek 5 euro ordainduko dute, 12-18 urte artekoek 10 euro, eta larriek 22 euro.
Afal ondoren, bertsolarien saioa entzutera joan nahi duten guztiek sarrera libre izango dute, Lartxai elkartean.
Ume jolasak datorren astean
Gerriko kultur elkarteak, bere aldetik, apirila bertsoari eta festa-giroari eskainiko dio. Lazkao Txikiren inguruan antolatutako ekitaldiez gain, San Prudentzio jaiak arteko bitartea girotuko dute.
Ume jolasak izango dira, Maizpideko ikasleek gidatuta, apirilaren 9an, asteazkena, plazan, 16:30etik 18:00ak aldera arte.