Euskal Herriko Itzulia Ordizian berriz
Itzulia Ordiziara itzuli da. 1974ko apirilaren lehenean bezala, datorren astelehenean, apirilak 7, Ordizian hasiko da goren mailako txirrindulari proba: 54. Euskal Herriko Itzulia. Luxuzko etapa ikusgarri bezain gogorrarekin, hasi ere. Ordizia-Ordizia, 153,4 kilometro luzeko etapa Goierriri benetako itzulia emateko izango da.
Iazko Itzulian Beasainen bukatu zen etaparen antza handia du, gora-beheratsua eta mendate askokoa delako. Orduan azkena zen, erlojupekoaren aurretik. Oraingoan, borrokarako eta beren burua erakusteko aukera gehiago izan dezakete txirrindulariek. Gaintzako igoera berriarekin, gainera.
Duela 40 urte sei taldetako 46 txirrindulari abiatu ziren Ordiziako Altamira estadiotik. Zuhaiztiraino neutralizatuta joan, eta Ibaresetik barrena segi zuten, Ordizia-Laudio bidean. Astelehenean ere norabide bera hartuko dute. Baina 19 talde eta 152 ziklista izango dira, UCI World Tour munduko maila onenekoak.
Txirrindulari maila bikaina
Irabazteko ezer gutxi, eta galtzeko asko dagoela esan izan dute ziklistek, lehen etapari begira. Baina zaletuen berotasuna jasotzeko aparteko agertokia ere izango da. Etxean ariko diren Gorka eta Ion Izagirre ormaiztegiarrek (Movistar), esate baterako, neurriko eguna izan dezakete. Iazko Itzuliaren garaile Nairo Quintanaren faltan, Alejandro Valverde taldeburua babesteko lehen unetik lotzen ez badituzte behintzat. Berdin Beñat Intxausti taldekidea.
Munduko talde indartsuenak Ordizian izango dira, eta txirrindulari onenetatik asko. Valverderen eta Alberto Contadorren arteko lehia aurreikusi dute adituek, faboritoen arteko ehizan.
Euskaltelen laranja kolorerik gabekoa izango da aurtengo Itzulia. Gabezia arintzeko, beste euskal talde profesional batek, Caja Rural nafarrak, talde lehiakorra osatu du: Luis Leon Sanchez taldeburu dutela, Amets Txurruka –iaz mendiko sariaren irabazlea–, David Arroyo edo Goierriko Itzulia 2008an irabazitakoa den Fabricio Ferrari uruguaiarra ditu, Pello Bilbaoz gain.
Euskaldun txirrindularien kopuruak nabarmen egin du behera. Iaz 17 baldin baziren, Ordiziako irteeran 11 izango dira. Sky taldeak horietako baten alde egin du apustu, Mikel Nieve leitzarra ipini du eta taldeburu.
Ikuskizuna, 13:00etatik
Itzuli hasieran, asteburuan iritsiko dira txirrindulari taldeak eta ziklistak Goierrira. Aurkezpenak, igandeko zikloturismo martxa eta irteerako giroa gaurtik nabarituko dira. Lasterketari berari astelehenean 13:15ean ekingo diote, eta 17:00-17:20 inguruan bukatuko da. Ailegaera ere berezia izango da Ordizian, tren geltokitik gora igo, eta Garagartza plazan jarriko dutelako helmuga.
Zaldibiako Zubi-Ondotik Gaintzara doan auzo-bidea estreinatuko dute, lasterketa ofizialean. Bi igoera izango dira. Gainontzean, Abaltzisketa bitan, Lazkaomendi Zaldibiatik, Gabiria, Lierni, Olaberria Aranguren aldetik, Lazkaomendi Ordiziatik eta Orendain ere igo beharko dituzte.
Irteeran, astelehenean, Ana eta Irene Usabiaga txirrindulari ordiziarrek moztuko dute zinta. Astearteko irteeran, 2012an hil zen Pako Buldain oroituko dute. Itzulia Goierrin hasiko den hamalaugarren aldia izango da. Lehen aldia ere Ordizian izan zen.