Pedalei eraginez, martxa Goierrin barrena
Euskal Herriko Itzuliaren atarian, bailarako errepideetatik profesionalak noiz pasako zain egotearekin batera, txirrindularitza zaleei bizikletara igo eta Goierrin barrena gozatzeko aukera paregabea proposatu die Txindokipe Ordiziako Txirrindularitza Kirol Taldeak. Igandean, Goierrialdea ezagutzen zikloturista martxa egingo dute Ordiziatik abiatu eta Goierri zeharkatuz. Goiburuak iradokitzen duen bezala, bailarako herri ugaritatik pasako da; hartara txirrindulariek paisajeaz eta inguruneaz gozatzeko aukera izango dute.
Sergio Salamanca antolatzaileak azaldutakoaren arabera, «Ordizian egun horretan izango den giro aparta aprobetxatuz aukera bikaina iruditu zaigu data hori txirrindularitzaren inguruan festa bikaina egiteko». Hasiera batean uste baino lan gehiago izan duten arren, ia dena prest dute.
Bi aukera
Martxari goizeko zortzietan emango diote hasiera, Gudarien Etorbidean; itzuli txikia egiten dutenak 12:20 aldera hasiko dira Ordiziara iristen. Itzuli osoa egiten dutenak, berriz, ordubatetik aurrera. 14:30ean emango diote amaiera probari. Izan ere, ibilbide bakarra prestatu duten arren, bi aukera eskaini dituzte zikloturistentzat. Hala, 95. kilometroan Ordiziatik igarotzean nahi duenak amaiera eman diezaioke probari. Besteak, berriz, beste 40 kilometro gehiago egingo dituzte 135 kilometroak osatu arte.
Edonola ere, martxa hau ez da lehiaketa bat. Errepidea, gainera, trafikoari irekita egongo da eta parte hartzaileek zirkulazio arauak bete beharko dituzte derrigorrean. «Garraioa oztopatu eta arriskua handitu dezaketen talde handiak ekiditea» ere gomendatu dute.
Ordiziaz gain, Beasain, Lazkao, Ataun, Olaberria, Ormaiztegi, Gabiria, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Mutiloa, Zerain, Segura, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Alegi, Orendain, Abaltzisketa zein Zaldibiatik igaroko da martxa.
Izen emateko aukera
Parte hartzaile kopurua gehienez 400 kidekoa izatea erabaki zuten antolatzialeek. www.kirolprobak.com atariaren bidez 219 lagunek eman dute izena epearen barruan. Horregatik, martxa hasi aurretik ere izena eman ahal izango da, beti ere gehienezko mugara iritsi arte. Frontoian egin ahal izango da izen-ematea, 07:00etatik 07:30era. 15 euroko kostua izango du federatuentzat eta 24 eurokoa federatu gabe daudenentzat.
Dagoeneko aldez aurretik izena emanda dutenek Ordiziako Sasoian zentroan nahiz Hernaniko Azken Kilometroa dendan jaso ditzakete dortsalak gaur eta bihar goizean. Probaren egunean bertan ere jaso ahal izango dira, 07:30ak baino lehen. Antolatzaileek osasun asistentziaz gain, mekanika zerbitzua ere eskainiko dute.
Goiz osorako festa
Zikloturista martxarekin batera, egun osoan zehar Kilometro solidarioa egitasmoa garatuko da frontoi txikian. Goizeko hamaiketan emango diote hasiera Rural Kutxak antolatu duen elkartasun ekitaldiari; jarriko dituzten bizikletetan egiten den kilometro bakoitzeko janari kilo bat bideratuko dute Filipinetara GKE baten bidez. Goizeko hamaiketan puzgarriak ere egongo dira Beti Alai pilotalekuan.
Arratsaldeko lauretatik aurrera hasiko dira, bestalde, Euskal Herriko Itzulirako taldeak iristen. Zuzendariek biltzarra egingo dute arratsaldean.