
Euskal Herriko Itzuliak gaur agurtuko ditu Ordizia eta Goierri. Bigarren etaparen hasierarako txirrindularitza giroz zipriztinduko da, berriz, herri osoa. Ordizia-Urdazubi etapa 155,8 kilometro luze izango da. Tropela 13:10ean abiatuko da, Ordiziako udaletxe aurretik. Ibaresko bidegurutzeraino neutralizatuta joan ondoren, han hasiko da lehia.
Itsasondon pasatu (13:15), eta Gi-2131 errepidetik barrena Legorretatik (13:19) irtengo da Itzulia, aurtengoz, Goierritik.
Urdazubiko (Nafarroa) Dantzarinea auzoan bukatuko da gaurko etapa, 17:08ak inguruan. Gorosmendi (2. mailakoa), Usategieta (2), Piedad (3) eta Lizaeta (1) mendateak gaindituko dituzte.
Buldain antolatzailea gogoan
Lasterketa hasi aurretik, irteera marran Pako Buldain Jaka ordizarra gogoratuko dute. Udalak eta Itzuliaren antolakuntzak omenaldia antolatu diote. Euskal Herriko Itzuliaren antolatzaile eta laguntzaile lanean urte askoan jardun zen Buldain.
Beasaingo CAF lantegian lan egina, 2012ko abenduaren 28an hil zen, 66 urterekin, lanean amianto materiala erabili izanak sortutako osasun kalteengatik. 2013ko urtarrilean lankideek omenaldia egin zioten, Beasainen, CAFen sarreraren ondoan dagoen Amiantorenei eskulturan. Buldainen familiakoei oroigarri-plaka bat emango diete.