
Kontzentrazio aurpegiarekin azaldu zen Alberto Contador (Madril, Espainia, 1982) Ordiziako Plaza Nagusira, etaparen aurkezpen ekitaldira. Serio eta sinadurak ematen asko geratu gabe. Lau ordu geroago, nekatu aurpegiarekin baina irribarre batekin jaso zuen txapela, liderraren elastikoa eta Goierriko sagardoa. Afizionatutatik ezagutzen du Goierri.
Zer sentitu duzu Itzulian irabazita?
Benetan, izugarrizko poza. Oso gustura nago, horrenbeste gustatzen zaidan herrialde honetan irabazteagatik. Beti ondo ibili izan naiz hemen. Gaur ere egun borobila izan da: eguraldi ona, jendetza izugarria errepideetan, eta garrantzitsuena, hanka onak.
Gaintzako aldapan jendetza elkartu da. Horrek laguntzen al du?
Bai. Izugarria izan da, azkeneko aldapan oiloipurdia jartzen zen, hainbeste jende zegoen eta. Etxean bezala sentitzen naiz hemen, asko maite naute. Denbora asko pasatu dut errepide hauetan, eta hori nabaritzen da.
Ez duzu egun bat ere itxaron aurrean jarri eta irabazi nahi duzula esateko.
Beno, aukera bakoitza baliatzen saiatu beharra dago. Bihar, agian, halako hanka onak ez ditut edukiko, eta gaur zegoen saiatu beharra. Orain indarrak berreskuratu beharra dago, hau hasi besterik ez delako egin.
Valverderen ondoan, nola ikusi duzu zure burua?
Valverde oso indartsu ibili da. Azken aldapan proba egin nahi izan dut. Banekien Valverde ere oso ondo zihoala, baina azkenean segundo batzuk atera ahal izan dizkiot. Valverde ere indartsu dago.
Azken igoeran adimenez jo duzu aurrera, ala zeneukan guztiarekin?
Ez dakit adimenarekin ala ez. Hanketako mina aguantatuz, besterik gabe.
Afizionatu garaiko zure zuzendari goierritarrak eman al dizu ahokurik?
Pello Garaialdek? Ez, ez dit aholkurik eman, Gorlan eman zidan bezala (barreak). Berriz ere ikusteko aukera izan dut, eta halako bakoitzean poztasuna izaten da.