Espainiako Auzitegi Gorenak Euri Albizu segurarra absolbitu du
Espainiako Auzitegi Gorenak Euri Albizu segurarra absolbitu du. Fiskaltzak hamar urteko espetxe zigorra eskatu zuen, erakunde armatuari laguntzea egotzita.
Albizu 2010eko otsailaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta inkomunikaturik egon zen bost egunetan tratu txarrak jaso zituela salatu zuen epailearen aurrean: kolpeak, poltsa buruan jartzea, ukitzeak, pistola batean bere aztarnak jarriz hilketa bat leporatzeko mehatxuak eta uneoro burua estalita edukitzea, besteak beste. Ondoren, kartzelatu egin zuten.
Dagoeneko, urtebete baino gehiago pasa da epaitu zutenetik eta familiak epaia «gustura» hartu du. «Egunero abokatuaren deiaren zain bizitzeak erre egiten du eta gurasoek ere asko sufritu behar izan dute», aipatu du segurarrak.
Etorkizunera begiratzeko garaia dela dio. «Gaurtik aurrera bizitzari beste modu batez begiratuko diot. Etorkizuneko planak egiteko aukera dut. Lehen Auzitegi Gorenaren eskutan zegoen nire etorkizuna».
Bide honetan guztian ondoan izan dituen guztiei eskerrak eman nahi dizkie eta ez ditu ahaztu nahi gaurko epaian kartzela zigorra jaso duten Xabier Atristain eta Ibai Beobide. «Gaurko epaian badira badira kartzela zigorra jaso dutenak ere eta horrek zapore garratza utzi dit», azaldu du segurarrak.