
Legazpiko Korosti dantza taldeak antolatuta 29. Dantzari Txiki eguna egingo dute datorren igandean. Aurten inoiz baino lehenago dator Legazpiko Dantzari Txiki eguna, orain arte apirilaren amaiera inguruan egin izan baita beti. Jose Luis Beiztegi Korosti dantza taldeko kideak azaldu duenez, «Aste Santuko eta Pazko asteko oporrekin bat ez egiteko» hartu dute aurten eguna aurreratzeko erabakia.
Euskal Herri guztiko «hamar dantza talde» gonbidatu dituzte aurten, eta guztira «450 bat haurren parte hartzea» espero dute igandeko ekimenean. Talde horietako bi legazpiarrak izango dira: «Korosti eta Sustraiak». Gainontzekoak hauek: «Oñatz (Oñati), Itsas-Argia (Getxo), Lurra (Urretxu), Irrintzi (Urretxu-Zumarraga), Oinarin (Antzuola), Oberena (Iruña), Tronperri (Durango) eta Danantzako Danok (Trapagaran).
Bazkaria zortzi elkartetan
Iganderako egun osoko egitaraua antolatu dute Korostitik. Beiztegik aurreratu duenez, «10:15ean elkartuko dira talde guztiak Laubideko biribilgunean». Handik, Euskal Herria plazara arteko kalejirari ekingo diote. Kalejiran «Santikutz, Nafarroa eta Plazaola kaleak igaroko dituzte, Kale Nagusitik barrena plazara iristeko». Bidean geldialdiak egingo dituzte, «Santikutz kalean, Nafarroa kalean eta Kale Nagusian, eta talde bakoitzak dantza saioa eskainiko du».
Behin kalejira amaituta, 12:00ak inguruan iritsiko dira talde guztiak Euskal Herria plazara. Bertan egingo dute goizeko ekitaldi nagusia, guztiek elkarrekin ikurrin-dantza eta agurra eskainiko diete bertara gerturatzen diren ikusleei. Goizeko dantza saioak amaituta, haurrak bazkaritarako antolatuko dituzte, ondoren. Azken urteetan «herriko elkarteetan ematen zaie bazkaltzen». Aurten ere zortzi elkarteren laguntza izango dute Korostikoek: «Ontto Beltz, Lekanazpi, Izadi-Zaleak, Okilla, Lagun artea berri, Uztarri, Ilintxa eta Muruazpi». Beiztegi azpimarratu duenez, «elkarteen laguntza ezinbestekoa» zaie horrelako ekintza bat antolatzerako orduan. Txistulariek eta talde bakoitzeko arduradunek «gizarte zentroan bazkalduko dute».
Dantza saioa Euskal Herrian
Bazkalostean «Bikuña kiroldegian elkartuko gara berriz», dio Beiztegik. Jolasak daude antolatuta dantzari gazteentzako. Ondoren, 17:00etan Bikuñaenean elkartuko dira talde guztiak kalejira berri bati hasiera emateko. Euskal Herria plazan amaituko da kalejira eta bertan, «talde ezberdinetako kideek dantza saio ezberdinak egingo dituzte». Banako, nesken arku dantza, txankarranko, makil joko, zahagi dantza, Gipuzkoako zinta dantza, zapatain dantza eta txulalai eskainiko dituzte, besteak beste.