
Goizean fresko egiten bazuen ere, eguraldi bikainarekin igaro da apirileko bigarren feria. Plazara inguratu orduko, egutegiaren marka: aste santu aurretik erramu igandea, eta erramu adarrak ikusi ditugu postu askotan, 0,50 eta 3 euro artean salgai.
Eta udaberriko giroarekin batera, produktu berriak ere ikusi ditugu ferian. Aramako Patxi Arizmendik bertako lehen marrubiak ekarri zituen; kilo pare bat (3 euroan kiloa) ziren, eta baita laster batean saldu ere! Bezero bat baino gehiago suertatu zen momentu berean haiek erosteko prest. Itxuraz ez dute kanpokoen ikusgarritasunik, baina usainez eta gustuz alde ederrekoak dira!
Aste batetik bestera aurreratze nabarmena egin dute baratzeko zenbait produktuk, ilarrak eta babak, esate baterako; kanpo libreko kilo dezente ikusi dugu postuz postu, eta kukulua, uraza… gero eta gehiago ikusten da.
Udaberriko ziza ugaritu da

Esan daiteke ziza garaian sartu garela, hemengo askorik ez dago, kilo erdi bat Zabidiako Axun Etxeberriak (50-60 euro). Kanpotik ekarriak berriz, 100 kilotik gora ziren salgai; urte osoan hor izaten den Lasak ez ezik, Garbiñe Barandiaran gasteiztarrak eta Basoa enpresako Felix Barcinak ere bazituzten, propio jarritako postuetan; ondorioz, prezioa nabarmen merketu da: 25 eta 38 euro artean zen kiloa salgai, urruti utziz hasierako 160 euro haiek.
Basoako postuan boilurra ere bazen (800 euro/kiloko), eta San Prudentzio gerturatzen ari dela gogora ekartzeko edo, barraskiloak ere ikusi ditugu salgai, 12 euroan kiloa. Landare eta lore postuak zoragarri daude baina oraindik ere salmentak motel doaz.
Orburua eta zainzuria
Plaza inguruan jarri ohi diren postuetan deigarri daude Nafarroako orburuak eta poliki ugaritzen ari diren zainzuriak. Freskoak erosi eta prestatzeko ohitura ez dago oso zabaldua gure artean, baina probatuz gero, lan horrek merezi duela ondoriozta daiteke, potetakoekin alderatuz beste jaki bat ematen baitu. Prezioa ere ari zaie merketzen, atzo gehienak kiloko 7 euroan ziren salgai.