Ibilgailuen zirkulazioan aldaketak egiten ari dira Ordizian
Mugikortasun Planean jasota bezala, Ordiziako kaleetan hainbat zirkulazio aldaketa egingo dituzte. Dagoeneko, hasiak dira pintaketa lanetan eta horietako batzuetan aldaketa egina dago.
Gaur arratsaldean egin dute agerraldia Iban Asenjo Ordiziako Udaleko Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak eta Aitor Escalante Udaltzainburuak. Asenjok gogoratu bezala, herritarrekin bi bilera egin ziren plana garatzeko eta iazko urrian herritarren ekarpenak jasotzeko erakusketa jarri zen Barrenan. Halaber, joan den ostegunean, Agenda 21 Foroa elkartu zen udaletxean aldaketa horien berri emateko.
Aldaketen helburuak
Iban Asenjok azaldutakoaren arabera, lau dira aldaketekin lortu nahi dituzten helburu nagusiak: Ordiziako sarrera eta irteerak erraztea; erdigunea zirkulazio aldetik arintzea, oinezkoen mesedetan; garraio publikoaren erabilerari lehentasuna ematea; eta Ordiziako barruko aparkalekuak herritarrek erabiltzea lehenestea. Zinegotziak aipatu duenez, gainera, aldaketa horiekin 20 aparkaleku gehiago sortuko dira.
Ordiziako hiru kale noranzko bakarreko bihurtuko dira: Gudarien Etorbidea, Santa Amalia kalea eta Arana kalea. Era berean, beste hainbat kaleri noranzkoa aldatuko zaie, Araba kaleari eta Zuberoa kaleari esaterako.
Gudarien Etorbidea
Aitor Escalante udaltzainburuak eman ditu xehetasunak prentsaurrean. Gudarien Etorbidea izango da ziurrenik aldaketarik nabarmenena. Aldaketa gauzatzen denean, kale honek beheranzko noranzkoa izango du soilik, eta geltoki aldetik (hego bialetik) edo Altamiratik datozen ibilgailuek Bizkaia Pasealeku aldetik saratu beharko dute erdigunera.
Aldaketa horrekin Frai Andres pareko autobus geltokia desagertu egingo da, eta horren ordezko geltokia Arana kalearen hasieran jarriko da, Villa Eugenia eraikinaren parean. Orain arte bezala, Gudarien Etorbideko gune urdineko aparkalekuek bere horretan jarraituko dute.
Santa Amalia eta Arana kalea
Tximista zubiaren parean ibilgailu guztiek Bizkaia Pasealeku aldera jo behar dute dagoeneko, eta hori dela eta, Santa Amalia eta Arana kaleak norazko bakarrekoak izatera pasako dira, biak goraka. Horrez gain, Zuberoa kaleari norazkoa aldatuko zaio notaritza pareko zatian, eta ibilgailuek Filipinak kaletik sartu ahalko dute bertara. Escalantek Arana kalearena “aspaldiko eskaera” zela nabarmendu du.
Araba, Euskal Herria, Amerika, Victor Mendizabal eta Iturtxo kaleak
Araba kaleari ere norazkoa aldatuko zaio. Orain arte gorakakoa izan bada, orain beheranzko noranzkoa izango du, Euskal Herria kale aldera. Hala, azken hau Oiangu taberna zenaren parean itxi egingo da, eta autoek Amerika kale aldera hartu beharko dute. Victor Mendizabal kale osoak goranzko noranzkoa izango du, Sanperio kalearekin bat eginez. Iturtxo kalean dagoeneko moldaketa batzuk egingo dira autobusak bihurgunea ondo hartzea bermatzeko.
Garagartza plaza eta Ordizia kalea
Garagartza plazari dagokionez, ezinduen aparkalekua lekuz mugituko da, eta hondakin bilketa puntuaren atzera pasatuko da. Gune urdina dagoen tokia, berriz, zamalanetarako erabiliko dute. Taxisten geltokia, tren geltoki ondora mugituko da, Ampuero kalera. Taxistekin hala erabakita egingo dela aldaketa nabarmendu du Asenjok. Horren ondorioz, Ordizia kale osoa gune urdin bihurtuko dute.
Iban Asenjok pazientzia eskatu die herritarrei: “Jakitun gara aldaketetara ohitzea kosta egiten dela, eta horregatik patxadaz hartzeko deia egin nahi dugu udaletik”, azaldu du. Dagoeneko aldaketen berri emateko oharrak jarri dituzte kaleetan eta etxe atarietan. Hala ere, Aitor Escalantek edozein zalantzen aurrean Udaltzaingora jotzeko deia egin die bizilagunei.














