Manex Aranburu: "Paisaia eta pertzepzioa aldatu egin dira, baita gurekiko duen eragina ere"
Paisaiak herri baten eta herritarren euren izatean efektu bisuala baino askoz gehiago eragiten duela aztertu dute, bi urtean, Goimenen. Bizi kalitatearen adierazle bat dela ikusarazi nahi du. Gipuzkoako eta Bizkaiko zortzi eskualdetan —Goierri tartean— egin dute prozesua, 2011 eta 2013 artean. Hainbat eragilek ekarpenak egin dizkiote landa paisaia atlantikoen balioa agerrarazteko proiektuari. Paisaiak kontserbatzeaz eta hobetzeaz gain, gizakiengan eta gizartearengan duten eragina ere nabarmendu ditu Goimen landa garapen agentziako teknikari Manex Aranburuk.
Bi urteko lanaren ondoren, paisaien inguruko prozesu bat egin duzue. Zer landu duzue, zehazki?
Baserri paisaia atlantikoak, Kantauriko isurialdekoak, jasaten ari diren bilakaera eta aldaketatik sortu zen proiektua. Europan badago paisaia apreziatzeko eta horren atzetik zenbat mezu jaso daitezkeen jabetzeko kultura bat. Gizartearentzatko paisaia zein garrantzitsua den ohartzeko da, ez delako bisuala bakarrik.
Ondorioak bildu dituzue?
Oinarrizko txosten bat jaso da eskualdeka. Gipuzkoako bost eskualdeak aritu gara, eta Bizkaiko hiru. Paisaiaren bueltan zer dagoen jaso nahi genuen, eta modu bat izan da partaidetza irekian aritzea, eskualdeko eragileekin.
Ez dago kontzientziarik paisaiaz?
Bakoitzak badauka, baina paisaiaren atzetik bakoitzak motibazio desberdinak dauzkagu gizartean. Iruditzen zaigu paisaiak asko daukala esateko: norberaren identitatea, herri mailako kontsumoa, historiarekin lotura zuzena, bizitzaren aurrean hartu beharreko jarrerak…
Daukagun paisaia halakoa ez dela kasualitatez ikusarazi nahi izan da?
Hori da. Zer paisaia daukagun, eta hori kontserbatzeko zer neurri planteatu landu dugu bi urteotan, lau dinamikarekin. Hiru tailer egin ditugu ekarpenak jasotzeko, eta lehendik Jaurlaritzak zeukan paisaia katalogoaren elementuak eta eskualdeko landa garapen programan dauden ekintzak ere barneratu dira, kontserbazioarekin lotutakoak. Batez beste 30 lagun etorri dira. Helburua zen gutxieneko batzuei gaia aurkeztu, eta gero eragile horiek zabal dezatela mezua.
Zertarako hartu behar da aintzat paisaia?
Garrantzitsuena da ikusaraztea paisaia arlo bisualetik harago dagoela. Gauza asko egin daitezke paisaia aurrerantzeko politiketan irizpide bezala aintzat hartuta. Adibidez, lurralde antolaketan, askotan ez da azpiegitura, eraikin edo garapen ekonomikoa bultzatzea lehentasunezkoa; baizik, agian, herri baten memoria, auzotarren bizipenak, eremu batek bere horretan eta dagoen bezala kontserbatzeak daukan balio historikoa. Horiek ere badute pisu bereizia gure gizartean, eta ez bakarrik pisu morala, identitarioa, herrimin edo bizipenekin lotutakoa; baizik ekonomikoki ere balio bat eman diezaioke auzoari edo herriari, beste esparru batzuetan. Oraindik aktibatuta ez dauden jarduerak badira.
Adibidez, zer arlotan?
Turismoa erakarriz izan daiteke. Baina baita osasunarekin lotutako bizipenak eskainiz ere. Edo isiltasunean izarrak ikusiz gau bat pasatzea, gida batekin, parke natural batean. Adibidez, Gorbeiako esperientziena ideia lortua eta saritua izan da, artzain batekin ibilbide bat egiteko. Hori zer da, turismoa? Kultura? Formazioa? Sentikortze lana? Azkenean, pertsona bat prest dago artzaina babesteko diru bat emanez, bizipen hori erakuts diezaion.
Paisaia galtzen ari den kezka dago?
Aldatzen ari da, eta galtzen ere bai. Gainbehera eta erosio bat eman da. Eremua eraldatzen den heinean, memoria historikoa zeharo aldatzen da. Garai bateko eta gaurko paisaia aldatu egin da; egunero ikusten dugunez, iruditzen zaigu beti horrela dagoela. Baina hasten garenean bisualetik harago aztertzen, ez da bera. Lehenagoko hotsak, hegaztiak geroz eta gutxiago, errepide bat egin dutela, garai bateko paper fabriken usainak… Ingurua desberdin apreziatzea eragiten dute. Paisaia aldatu egin da, pertzepzioa ere bai, eta paisaia horren gurekiko eragina ere aldatu egin da.
Kezka zentzu askotan dago. Gehien bat, jabearazi nahi da paisaia izan daitekeela gure bizi kalitatearen adierazle bat. Lurraldearen %80 jabetza pribatua da, eta baserritarrek eramaten dute beraien jarduerarekin. Nahitaezkoa da baserritarraren eta kontsumitzailearen arteko elkarrizketa, zuzen-zuzenean eragiten digulako nekazaritza politikak, bai gizartean, bai ekonomian, osasunean, aisian, bizitzaren gozamenean, identitate aldetik…
Norantz jo beharko luke gizarteak?
Oreka berri bat bilatu behar dugu, zer nahi dugun. Baina nahi eta nahi ez aktoreekiko elkarrizketatik pasatzen da oreka hori, paisaian jarduten dutenekiko. Dauden balio eta aberastasunak gutxienez idatziz jaso nahi izan dira, eta gaur egun horiek kontserbatze aldera zer egin dezakegun ikusi. Gero, kontserbatzetik aparte, garatzea eta hobetzea izango da lana. Zer nolako paisaia nahi dugu? Gustu eta ikuspegi desberdinak daude. Batzuek pinuz betetako eremu itzala eta iluna bezala identifikatzen dute etorkizuneko Gipuzkoako paisaia. Beste batzuek argia sartzea nahi dute, bailarak zabaldu eta kolore gehiagorekin izateko. Atalka jaso dira emaitzak. Oinarri bat da azterketa hau, eta irekita jarraitzen du, ideiak jasotzeko.
Lan-ildoren bat zehaztu da?
Bai. Irekita daude, ahal den neurrian aurrera eramateko. Proiektu proposamenak asko daude, nork heldu zain. Zenbait proiektu jada martxan daude, adibidez Arriaran auzokoekin auzo dinamika batzuk. Ingurumen arloan, biodibertsitatearekin lotutakoak badaude; mendi tontorrak berriz publiko bihurtzea, tontorren espazioaren trataera berreskuratu eta baso bihurtu beharrean eremu garbi jarri: paisaia interpretatzeko, mendizaleen ikuspegirako, lurraldearen interpretazio bisuala izateko…

Manex Aranburu, Goimeneko teknikaria./Aimar Maiz