«Etorkinak ez daitezela dituzten dudekin eta arazoekin gelditu»
Beasaingo Udala etorkinentzako informazio eta salaketa zerbitzu berria ematen hasi da aste honetan. Zerbitzu hau SOS Arrazakeria elkarteak kudeatzen du, Stinj Callens (Belgika, 1958) SOS Arrazakeriako kidearen bidez.
Zer eskainiko duzue zerbitzu honen bidez? Bi helburu nagusi ditu gure zerbitzuak: salaketak jaso, aztertu eta kudeatzea, eta informazioa eskaintzea. Zer nolako informazioa emango duzue? Aholkuak eta informazioa emango diogu behar duen jendeari: baimenak berritzeko laguntza, paper kontuak, erroldatzeak, diru-laguntzak… Administrazioaren aurrean dituzten dudak argitzen ditugu, batez ere. Eta salaketekin zer egiten duzue? Etorkinen aurkako jarrerak salatzen ditugu guk. Askotariko salaketak iristen zaizkigu. Horregatik, lehenik, salaketa entzun, arazoa benetan arrazakeria edo diskriminazioa den ikusi, eta hala bada, justifikatu dezakegun aztertu, eta gero, ebaluatu egiten dugu benetan poliziarengana joateak edo epaiketa bat egiteak merezi duen. Guk abokatu bat dugu eta harrek laguntzen digu hortik aurrerakoan. Nork egin dezake salaketa? Hobe izaten da salaketa biktimak berak egiten badu, baina edonork egin dezake. Etorri-berriei normalean gehiago kostatzen zaie, beldur dira edo ez dira dituzten eskubideen kontziente, baina, ez dute zertan beldur izan. Noiz eta non egongo ahal izango dute zurekin? Astearteetan 16:00etatik 19:00etara Beasaingo udaletxeko Berditasun saileko bulegoan. Goizetan berdintasun teknikariak egoten dira bertan, eta arratsaldez libre dagoenez, bertan egongo naiz. Goierrin ba al dago horrelako beste bulegorik? SOS Arrazakeriak kudeatzen duenik behintzat ez. Badaude etorkinentzako beste laguntza batzuk, baina Beasaingo hau Goierrin dagoen lehena izango da. Donostian, Tolosan… ere ematen dugu zerbitzua. Txanda eskatu behar da aurrez, ezta? Bai, hitzordua eskatu behar da aurrez, 943 24 56 26 edo 943 24 56 27 zenbakira deituta. Bi telefono zenbaki hauek GIpuzkoa mailako SOS Arrazakeriaren zenbakiak dira, eta bertara deitutakoan, zein herritako bulegora joateko txanda nahi duzun zehaztu behar duzu. Zergatik komeni da txanda eskatzea? Arrazoi askogatik: batetik, pertsona bat baino gehiago ez batera gerturatzeko, bestela, jendeak itxaroten egon beharko lukeelako; jendearen erosotasunerako praktikoagoa da. Gainera, zenbat datozen kalkulatzea ere komeni izaten da, txandak egoki banatzeko, bakoitzak behar duen denboraren arabera. Telefonoz ere egin al daitezke kontsultak? Bai, egin daitezke, eta baita gure emailera idatzita ere (sosarrazakeria@euskalnet.net). Baina, nik nahiago dut bulegora etortzen badira. Paper kontuak telefonoz egitea oso zaila da, dokumentua irakurri arazi behar diet… Askoz ere hobeagoa da bulegoan hitz egitea. Tratua gertuagokoa da, eta sarri gauza oso intimoak kontatzen dizkidate. Eurentzako ere hobe dela iruditzen zait. Baina, tira, nahiago duenak, ondo azalduz gero behintzat, egin dezake, bai.«Ohartu daitezela erabakiak hartu aurretik ondo informatuta egotea komeni zaiela»
«Salaketak jaso, aztertu eta kudeatu, eta informazioa eskaini nahi dugu»Eskatu al dizute zitarik? Bai, asteartean ireki genuen Beasaingo bulegoa eta aurrez zita eskatuta zuten hiru lagun etorri ziren. Zer motatako jendeak jotzen du zuengana? Gehientean etorkinak izaten dira, baina, etortzen dira etorkinen lagunak, bikotekideak, lankideak eta halkoak ere. Ez da lan samurra izango, ezta? Orokorrean ez. Oso arazo larriak ekartzen dizkidate askok; oso larriak. Batzuetan zerbait egiteko aukera egoten da, baina beste batzuetan, eginahalak eginda ere, ez dago ezer egiterik. Horrek inpotentzia handia sortzen dit. Lan hau, azkenean, ez da nire lan-orduak amaitzen direnean amaitzen. Kezka, inpotentzia… nahi gabe ere etxera eramaten dituzu. Bezeroaren arabera ere asko aldatuko da kasu bakoitza. Izugarri. Gehienetan bezeroaren eta gure arteko jarrera oso ona izaten da. Gu laguntzen saiatzen gara, eta hori eskertu egiten dute normalean. Baina, batzuetan, ez dute ulertzen zenbait gauzetan ezin diegula lagundu. Gauzak nahasten dituzte, eta ez dute ondo ulertzen gure funtzioa. Guk funtzio batzuk ditugu, eta beste funtzio batzuetarako beste leku batzuetara jo behar dute. Eta hori ulertzea kosta egiten zaie batzuetan. Bestelakoak ere izango dira, ala? Bai, noski. Eta norbaitengatik zerbait egitea lortzen duzunean, asko asebetetzen zaitu. Denbora asko al daramazu lan honetan? SOS Arrazakeria Bartzelonan hasi zen lehenik, eta 1993 inguruan hasi ziren Gipuzkoan lanean. Ni hasieran bezero edo erabiltzaile bezala hasi nintzen SOS Arrazakeriarekin harremanetan jartzen. Tolosako etorkin talde batetan nenbilen eta laguntza eske jotzen nuen. Gero, 2007an inmigrazioari lotutako kurtso teknikoa egin nuenean, praktiketan hasi nintzen, eta lanpostu bat hutsik gelditu zen eta eman egin zidaten. Asko interesatzen zitzaidan gaia eta gustura hartu nuen. Garrantzitsua al da zuengana jotzea? Bai. Denak gonbidatzen ditut etortzera. Etorkinak ez daitezela dituzten dudekin eta arazoekin gelditu. Ohartu daitezela erabakiak hartu aurretik ondo informatuta egotea komeni zaiela. Adibidez, laneko zenbait gauza sinatu aurretik. Kontratuetan eta beste mota askotako paperetan sinatutakoan, adibidez. Zenbait pauso ematen direnean, batzuetan berandu izaten da atzera egiteko. Bezeroen pribatutasuna gordetzen duzue? Noski baietz. Datu Pertsonalen Babeserako Lege Organikoa dugu, eta beste protokolo batzuk ere baditugu gure elkartearen barruan. Alde horretatik lasai egon daitezke bezeroak. Lege aldetik ere, zer kontatu beharra dagoen ere badakigu.