http://youtu.be/KA7IU1xEOFQ Dagoeneko urtebete bada Ernai gazte erakundea Goierrin aurreneko ekintzak antolatzen hasi zela. Urtebete honetan, protesta eta jai giroko hainbat ekitaldi egin dituzte; hala nola, Lanbideren egoitzetan eta banketxeetan sartzea, Olaran lantegi zaharraren okupazio sinbolikoa edota emakumeen egunaren inguruko ekintzak, besteak beste. Azkena, berriz, Goierriko Gazte Astea izan da. Hain zuzen ere, aste horretan erakutsi zuten bideoa zintzilikatu dute orain sarean; bertan, urte osoko ekintzen errepasoa egiten dute iruditan.
Haur parkeetan, berde guneetan eta espaloietan txakurren gorotzak aurkitzea ohikoa dela eta, Urretxuko Udalak bizilagun askoren kexak jaso ditu. Arazoari irtenbide bat emateko kanpaina bat jarri berri du martxan. Txakurrak gizakiaren lagunik onenak direla esan izan da beti. Baina bada horrela ez dela pentsatzen duenik ere. Hala, txakurrak jabetzan dituzten eta ez dituzten bizilagunen eskubideak babesteko eta animaliei beraiei zor zaien errespetua eta defentsa bermatzeko, arau eta lege ezberdinak jarri dituzte indarrean azken urteetan Goierriko zenbait udaletxetan.
http://youtu.be/EIRC8_k9bgI Pazko bigarreneko jaia egin zuten atzo Antion, Zumarragako Udalak eta Herri Kirol Elkarteak antolatuta. Aizkolari beteranoen eta gazteen arteko proba izan zen ekitaldiko une nagusietako bat; Elorriaga eta Ugarteburu beteranoak, Zaldua eta Dorronsoro gazteen aurka aritu ziren. Azkenean, esperientzia nagusitu zitzaion gazteen grinari. Atzoko eguna osatzeko, umeentzako jolasak eta erromeria ere izan ziren, besteak beste.