Soka motzean
Haur parkeetan, berde guneetan eta espaloietan txakurren gorotzak aurkitzea ohikoa dela eta, Urretxuko Udalak bizilagun askoren kexak jaso ditu. Arazoari irtenbide bat emateko kanpaina bat jarri berri du martxan. Txakurrak gizakiaren lagunik onenak direla esan izan da beti. Baina bada horrela ez dela pentsatzen duenik ere. Hala, txakurrak jabetzan dituzten eta ez dituzten bizilagunen eskubideak babesteko eta animaliei beraiei zor zaien errespetua eta defentsa bermatzeko, arau eta lege ezberdinak jarri dituzte indarrean azken urteetan Goierriko zenbait udaletxetan.
Haur parkeetan, berde guneetan eta espaloietan txakurren gorotzak aurkitzea
ohikoa dela eta, Urretxuko Udalak bizilagun askoren kexak jaso ditu.
Arazoari irtenbide bat emateko kanpaina bat jarri berri du martxan.
Txakurrak gizakiaren lagunik onenak direla esan izan da beti. Baina bada horrela ez dela pentsatzen duenik ere. Hala, txakurrak jabetzan dituzten eta ez dituzten bizilagunen eskubideak babesteko eta animaliei beraiei zor zaien errespetua eta defentsa bermatzeko, arau eta lege ezberdinak jarri dituzte indarrean azken urteetan Goierriko zenbait udaletxetan. Urretxun, esaterako, 1997an onartutako animaliak edukitzeko eta babesteko arauen udal ordenantza betearazteko kanpaina jarri du martxan udalak. Kanpaina honek, aldeko eta kontrako jarrerak piztu ditu bizilagunen eta txakur jabeen artean.
Unai Badiola Urretxuko zinegotziak esan duenez, «gu udal gobernuan gaudenetik ohikoak izan dira gai honen inguruan bizilagunek agertutako kexak. Gehienak, kalean jaso gabe gelditzen diren txakur gorotzen ingurukoak». Urretxun, egun «600dik gora txakur daude erregistratuta». Txakur jabe batzuk «oinarrizko arauak errespetatzen dituzte, baina beste asko daude paso egiten dutenak». Hala, oso ohikoa da txakurren gorotzak, adibidez, «haur parkeetan, gune berdeetan, espaloietan…» aurkitzea. Lorezaintza zerbitzuko langileak ere «oso ohituta daude horrelakoak ikustera».
Bizilagunen kexak
Bizilagunen kexak gora egin zuten eta 2012an hainbat saiakera egin zituen udalak, arazoa konpontzeko bidean. Hasiera batean, herriko bost bat berdegunetan kartelak jarri zituzten, «txakur jabeei lorategiak gutxienez errespetatu zitzaten» eskatuz. Baina kanpaina ez zen «eraginkorra» izan.
Gai honetan aditua den Gestican enpresarekin bigarren saiakera bat egin zuen orduan udalak. Enpresa honek «txakurren gorotzak jasotzeko herrian 10 edukiontzi berezi» jartzea proposatu zuen. Honek suposatuko zukeen gastua ordaintzeko, ordea, «txakur jabeei tasa bat kobratzea» beharrezkoa izan zen. Tasaren gaia Gipuzkoako Foru Aldundiari galdetu eta gero «horrelakorik ez zegoela egiterik» ikusi zuten, eta proposamen hura ere horretan geratu zen.
Aurretik txakurren gorotzak jasotzeko «plastikozko poltsen posteak ere jarri zituzten» eguneko zentroaren ondoko berdegunean. Baina «poltsak desagertu egiten ziren eta jabe askok gorotzak jaso gabe» jarraitzen zuten. Hala, 2013an herritarren kexek berriro egin zuten gora eta, orduan, «sentsibilizazio kanpaina bat» erabaki zuten. Kanpaina horren oinarria 1997an onartutako udal ordenantza izan zen.
Ordenantza horren puntu garrantzitsuenekin eskutitz bana bidali zitzaien txakur jabeei, «batez ere, gorotzak jaso eta txakurrak kalean lotuta eraman behar zituztela gogorarazteko». Puntu horretara iritsita, Ana Alustiza urretxuarra, Nekotz klinikako albaitaria eta txakur jabea, udalarekin harremanetan jarri zen.
Txakurrak aske
Alustiza lege bat jartzearen aldekoa da, baina jabeak «legea betetzeko aukera» izan behar dela dio. Bere iritziz, «ezin da txakurra beti lotuta eraman. Txakurrek ere beren beharrak dituzte, korrika egin behar dute». Udaleko ordezkariekin bilera bat egin zuen eta horrek txakurrak aske eraman ahal izateko guneak eta ordutegi bat zehaztea ahalbideratu zuen. Azarotik Pagoetan, Basagastin, Lizeoan eta eguneko zentroan askatu daitezke txakurrak, 06:00etatik 08:00etara eta 21:00etatik 00:00etara. Badiolak aurreratu duenez, «txakur jabeak ez daude gustura ezarritako ordutegiarekin». Udalak bilera bat egin du berriz beraiekin, eta ordutegia zabaltzea erabaki dute guztien artean. Unai Lazkano Urretxuko udaltzainburuak zehaztu duenez, «Basagastiko gunean egun osoan zehar eraman ahal izango da txakurra aske aurreratzean, eta eguneko zentroan 09:30etik 12:00etara eta 14:30-16:00etara ere aske eraman ahal izango dira txakurrak».
Jabe batzuen «utzikeria»
Alustizak ordutegi aldetik mugak jartzea egoki ikusten du, baina «gai honekin malguak izateko» eskatu dio udalari. Baimendutako ordutegitik kanpo «inguruan inor ez dagoelako edo eragozpenik sortuko ez duelako txakurra aske eramatea» ez zigortzea eskatu du. Kontrara, «baimendutako ordutegian, Lizeoa, adibidez, haurrez beteta dagoela ikusiko banu, ez nuke txakurra askatuko». Gorotzen gaia konplexuagoa dela uste du, eta «txakur jabe askok gizatasun falta handia» dutela ere onartu du.
Ubaldo Cerezo urretxuarrak bi txakur ditu, «Hispanier bat eta Yorkshire bat». Bera, udalak martxan jarritako kanpainarekin haserre dagoen txakur jabeetako bat da. «Nik beti izan ditut txakurrak, eta ez ditut inoiz lotuta eraman», esan du. Txakurrak aske eramateagatik ez duela inoiz inorekin arazorik izan ere gaineratu du. Dioenez, «isunak ordaintzeko prest» dago, «baina ez dut txakurrak lotuta eramateko asmorik».
Gorotzen gaiari lotuta, onartu du txakur jabe askok ez dituztela jasotzen, eta «zerbaitetara behartu behar izatea tristea» dela gaineratu du. Hala ere, zenbait gaiekin lotuta, «txakur jabe askoren aldetik utzikeria asko» dagoela uste du.
Ordizian ere txakur gorotzak jaso behar dituzte jabeek
Urte batzuetatik hona, Ordiziako Udalak ere txakur gorotzak jasotzea behartzen duen araudi bat du indarrean. Egun 990 txakur daude erregistratuta eta araua betetzen ez duten jabeek 300 eta 1.200 euro bitarteko isunak jaso ditzakete. Udalak hartu duen azken neurria txakurren pixak eta gorotzak jasotzeko Urban Dog Nature izeneko egitura berriak jartzea izan da. Urte beterako proba pilotua da, eta udaletik herria garbiago edukitzeko eta lorategiak ongarritzeko modu bat dela uste dute.