Organikoarean bilketa %45 igo da Beasainen hiru hilabeteko epean
Hondakin organikoa bereizten duten beasaindarrei %20ko obari egiten die udalak urte hasieratik. Bilketa sustatzeko kanpaina egin dute, eta urte askoan bilketa maila %40 inguruan geldituta egon ostean, edukiontzi marroiaren erabilera saritzeko kanpainak bere fruituak dituela ikusi da, gaikako bilketa %58,5era igo baita. Hau horrela izatearen arrazoi nagusietako bat, organikoaren bilketa %45 igo dela da.
Beasaingo Udalak azaldu duenez, «Estatu mailan Beasain da bost edukiontziko sistema boluntarioa duten bere tamainako herrien artean emaitza hoberenak lortu dituena». Hala ere, udalaren ustez, badago oraindik hobetzeko tartea, oraindik «ia hondakinen erdia zuzenean zabortegira baitoa». Udalaren arabera, «lehenego helburua Gipuzkoako Hondakinen Planak aurreikusten duen %60ra iristea» da.
Orain bertan, beasaindarren %65ak erabiltzen du ohiko moduan edukiontzi marroia, bildutako kopuruekin bat datorrena. Beste %35ak edo ez du izenik eman, edo nahiz eta izena eman, ez du edukiontzi marroia erabiltzen.
Herrigunean egin den kanpainaren ondorioz, izena emandakoen kopurua %55etik %80ra igo da. «Jauzi nabarmena izan da gero gainera jasotako kiloen hazkundeak berretsi duena». Hala ere, udalaren esanetan, «oraindik badago desfase bat, izena emandakoen %20ak ez baitu erabiltzen edukiontzi marroia».
Erregulartasuna sarituko dute
Beasaingo Udaletik gogorarazi dute edukiontzi marroia erregulartasunez eta jarraian erabiltzen duten herritarrrek bakarrik izango dutela zaborraren erreziboan %20ko deskontua lortzeko eskubidea. Udalaren esanetan, «Sasieta Mankomunitateko teknikariek hilero kontrolatzen dituzte sarraila elektronikoan jasotako erregistroak».
Udalaren arabera, une honetan Sasietako gaikako bilketaren batez bestekoa %58,5era iristen da. Zehaztu dutenez, Gipuzkoako mankomunitate bakarra da kasik Gipuzkoako Hondakinen Planak 2016rako ezartzen duen %60ko helburura iristen dena (bi urte lehenago). Beasain, %52arekin batez bestearen azpitik gelditzen da. Eskualdeko erakusle onena duten herriak atez-ateko edo sistema mixtoak erabiltzen dituztenak dira (%70-85 artean).
Beasain da bere neurri eta ezaugarri bereko herrien artean bost edukiontziko sistema boluntarioa izanik %50eko muga gainditzen duen lehen herria.Hasiera on hau aprobetxatuz, Sasieta Mankomunitateak kanpaina informatiboa egingo du konzientzi maila mantentzeko.
DATUAK
Organiko kopurua:
- Urtarrilean jasotako organiko kiloak: 51.800.
- Martxoan jasotako organiko kiloak: 74.600.
- Urtarrilean izena emandako erabiltzaileak: 2.808.
- Martxoan izena emandako erabiltzaileak: 4.191.
- Martxoan ohiko erabilpena egin dutenak: 3.395.
- Urtarrileko gaikako bilketa Beasainen: %43.
- Martxoan gaikako bilketa Beasainen: %52.
- Mankomunitateko gaikako bilketa martxoan: %58,5.