Baratzean lanean, gaztetxean
Tipulei eta piperrei gehixeago kostatzen ari zaien arren, momentuz itxura ona du uztak. Ordiziako gaztetxean baratze proiektuari ekin zioten martxoaren amaieran. Irakurriz, galdetuz, informatuz, eta, batez ere, esperimentatuz, hilabete hasieran landatutako haziak fruituak emateko bidean dira. Uxue Urzelai da baratze proiektuarekin buru-belarri dabilenetako bat. «Gazte asanbladako bi kidek baratzea jartzeko interesa genuen. Balkoietako baratzeak nola egin ikasteko ikastaro bat egin genuen, eta hango ezagutzekin ekin diogu gaztetxean baratzea jartzeari», dio Urzelaik.
Letxugak, tomateak, perrexila, kuiak edo marrubiak ia ernaltzen ari dira. Labanda, erromeroa, melisa edo kalendula gisako belarrak ere jarri dituzte. Gaztetxean bertan jaboiak egin izan dituzte; esentzia gisa erbiliko dituzte beral usaintsuak.
Ekologikoa eta berrerabilia. Horiek dira gaztetxeko baratzean jarraitu dituzten bi arau nagusiak. Lur ekologikoa lortu dute, haziak eta landareak ere hala dira; baita ongarriak ere. Hazitegiak edo lorontziak egiteko ere material berrerabilgarriak erabili dituzte. Ur bidoi handiak zein botilak, esate baterako.
Egurrezko paleak ere bildu zituzten, lorontziak egiteko. Azkenean nolako uzta etorriko den ikusteko dagoen erren, gaztetxean bertan erabiliko dituze jasotako jakiak.