Hizkuntza politika berria martxan jartzeko azken bilera, Ordizian
Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea oinarri hartuta, egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza politika eraginkorrak «beharrezko» direla uste du Kontseiluak. Hala, euskararen erabilera sustatzeko aurrera begirako egitasmo berritzaileak lantzea dute helburu.
Proba pilotu moduan lan dinamika berria martxan jartzeko pausoak ematen ari da Kontseilua Goierrin. Bailarako erakundeekin, talde eragileekin nahiz politikariekin harremanetan izan dira egitasmoari forma ematen joateko eta gaur Ordizian datozen hilabeteetarako egitekoak finkatu eta definituko dituen lan taldeak sortzeko azken bilkura egingo dute. 18:00etan jarri dute hitzordua, Barrenan.
2013ko urrian elkartu ziren leku berean euskalgintzako hainbat eragile; eta hizkuntz-politika berri eta eraginkorra zer den ulertzeko formazio saio bat ere egin zuten. Azaroan egitasmo proposamena Goierriko ordezkari politikoei ere aurkeztu zieten. 2014ko otsailean egin zuen Kontseiluak Goierriko dinamikaren aurkezpena Igartza, eragileen aurrean.
Ondorengo asteetan, gizarte eragileen eta talde politikoen ekarpenak jaso dituzte . «Eragileen kezkak, zalantzak eta proposamenak aztertuz, erantzun egoki bat adostuko dugu, dinamika honetan parte hartzeko konpromisoa hartu behar duten eragileekin aurrera egiteko», dio Juanlu Aranburu Kontseiluko ordezkariak. «Ondoren, lan dinamika martxan jarritakoan ere, sortuko dira zalantza berriak. Baina, orain, maila teorikoan behintzat guztia argitu behar dugu», azaldu du.
Zalantzak argitzen
Kontseiluaren proiektuari egindako ekarpenen artean daude herri txikiak eta handiak lan dinamika berean uztartzeko zailtasunak; ekimenen gaineko zehaztasunak; gizarte eragileak euskalgintza taldeko kideak edo eragile zuzen izateko zailtasunak; herrietako plangintzak eta bailarako dinamikak nola uztartu… Hainbat dira zehaztu beharko dituzte arloak. Behin zalantzak argituta, dinamikarekin bat egiteko prest daudenen zerrendatzea egingo dute; eragile nahiz norbanako. Batzordea osatuko dute, eragile guztiak bilduko dituena. Era berean, Mahai soziala zein mahai politikoa eratuko dituzte. Azkenik, Talde Eragilea ere sortuko dute, «dinamikaren motorra» izango dena. Bertako ordezkaritza «plurala, herri ezberdinetakoa, eta batez ere eraginkorra izatea da» nahi dutena Aranburuk azaldutakoaren arabera.
Goierri, aitzindari
Hasiera batean, Goierriko bailarako beheko herrietako eragile edo ordezkariak jasoko ditu egitasmoak. Kontseilukoaren hitzetan «Goierri beheko ia herri gehienetako ordezkaritza izango dute; Legazpikoekin, Urretxukoekin eta Zumarragakoekin ere harremanetan izan bagara ere, oraingoz ez dugu zuzenean parte hartzeko modua ikusten. Bigarren fase batean eramango dugu lan dinamika bera herri horietara». Hain justu ere, Kontseiluak proba gisa jarri du martxan egitasmoa Goierrin. Egiten diren pausoak eta egiten den guztia jaso eta dokumentatu egingo dute, «ondoren beste edozein eremurako edo bailaretarako baliagarri izango delakoan».
«Asko dugu egiteko, dena berria da, prozesu guztia zerotik hasi dugu, horregatik gauzak ondo pentsatu beharko ditugu eta gaizki egiten ditugunak zuzendu. Ondoren, beste lekuetarako eredu gisa balioko duela espero dugu», azaldu du Aranburuk.