Aralarko mendi larreak bihar irekiko dituzte abereentzat, neguan ‘atsedena’ emanda
Aralar mendizerrako goi larreek bihar hartuko dituzte lehenengo jaleak. Urtero bezala, maiatzaren lehenean zabalduko ditu Enirio Aralar Mankomunitateak belardi komunak, eta urrira arte ia 20.000 abelburu ibiliko dira. Iazko denboraldiko kopuru beretsua da, nahiz eta azienda bakoitzean gora-behera txiki batzuk izan ohi diren kopuruan, orokorrean oreka mantentzen delako.
Denera 18.000 ardi inguru, 840 behi eta 780 behor ibiliko dira Aralarko bazkalekuetan. Abelburu horiek denak 132 ganaduzale edo artzainenak dira.
Negu garaian jaitsi egin behar izaten dituzte abereak menditik, orain bi hamarkada erabaki baitzen belardiei atsedena hartzen uztea, hilabete batzuetan. Hala, bihartik aurrera elikatu ahalko dira ganadu aziendak, urria arte.
Bazka aldetik ondo aurten
Hain zuzen, urtero belarraren kopuruaz eta kalitateaz aiduru egoten dira teknikariak. Aurten iaz baino «jan gehiago» dagoela esan du Mankomunitatearen basozain Jose Antonio Irastortzak. Batetik, neguak ez duelako gainbeherarik eragin bazkan; eta, bestetik, iazko negua bereziki txarra izan zelako meteorologia aldetik.
«Elurra eta hotza izan ziren iaz maiatzera arte. Nik ezagutu dudan urterik txarrenetakoa izan zen belardietarako», gogoratu du Irastortzak. Aurten ere elurra egin du goi mendietan, baina orokorrean negua «leunagoa» joan da. «Bazka aldetik ondo dago mendia», ziurtatu du Irastortzak.
Larreak irekitzeko aitzakian, festa izango da bihar Larraitz gainean (Abaltzisketa). Urteroko legean, eguerdian puntuan botako dute suziria; langa ireki, eta ganaduari mendira jare egingo diote.
Gainontzean, festak ohiko osagaiak izango ditu. «Zaldi erakustaldi bat ekartzeko asmoa bagenuen, baita Ipar Euskal Herriko musika talde ospetsu bat ere. Baina aurrekontua mugatua zegoen, eta betiko antzeko egitaraua prestatu dugu. Eustea bera nahiko lan bada gaur egun», dio basozainak.
Berritasun gisa, zaldiaren eta idien arteko dema izango da. Imanol Paollak zaldiarekin 1.100 kiloko harria erabiliko du, eta Roman Elosegi zaldibiarrak idi parearekin 1.500 kilokoa.
Abere erakusketa izango da, baita zaldikoen lehiaketa ere.
Egitaraua
Bihar (maiatzak 1), Larraitzen
- 10:00. Artisau eta salmenta postuen irekiera. Trikitilariak. Abere erakusketa. Eskulangintza saioak. Bertako jakiak.
- 11:30. Gipuzkoako mendiko behor eta zaldien 5. lehiaketa.
- 12:00. Suziria, larreetarako langa irekitzeko.
- 12:00. ‘Mendi katea’ Aralarren, egungo Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen mendian, Nabarralde elkartearekin.
- 12:30. Zaldiaren eta idien arteko dema.
- 12:00. Bertsolariak: Mikel Mendizabal, Bixente Gorostidi.
- 17:00. Erromeria, Jesus Mujika eta Josu Puldain bikotearekin.