Ehun bat lagunek bilkura egin dute Lazkaon, atxilotutako herrikideari babesa agertzeko
Kuadrillen festa-egun bete-betean, gaur eguerdiko ordubatean ordu laurdeneko bilkura isila egin dute ehun-bat lazkaotarrek, herriko plazan. Aste honetan Guardia Zibilak egin duen Interneteko ustezko delituen operazioan atxilotutako lazkaotar bati elkartasuna adierazi diote. Hogei urteko gaztea astelehen goizean atxilotu zuten Bergaran, ikasten ari den Arrasatera bidean zihoala. Egun osoan Martuteneko koartelean (Donostia) eduki zuten, eta gauean utzi zuten aske, karguekin eta epaiketara noiz deituko zain.
Ustez Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batekin “terrorismoa” goratzea leporatzen diote. Operazio berean denera 21 pertsona atxilotu zituzten, tartean Ormaiztegiko bizilagun bat ere bai.