Hemen da 'Irakurri, gozatu eta oparitu', irakurzaletasuna bultzatzeko egitasmoa
Euskalzaleen Topaguneak Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren zortzigarren edizioa jarri du martxan, zenbait euskara elkarte, udal, liburu eta liburu dendekin batera elkarlanean. Euskal Herri osoan abiatu duten egitasmoa, Goierrin ere izango da aurten.
Apirilaren 23an abiatu zen egitasmoan, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera; eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Helburu nagusia “irakurzaletasuna bultzatzea” du egitasmo honek, eta herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi dituzte, “irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz.
Aurten, orokorrean, 42 herritan izango da ekimena. Goierrin Ataunen, Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon, Seguran, Olaberrian, Ordizian eta Zaldibian.
Kanpainaren izenak berak argi ardierazten duen gisan, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko: irakurri, gozatu eta oparitu. Lehen pausoa euskarazko liburua irakurtzea da. Horretarako herriko liburutegi publikoan hartuko da maileguan. Behin liburua irakurri eta liburuaz gozatuta, liburutegira itzuli eta fitxa bat bete beharko da zein liburu irakurri den eta iritzia agertuz. Liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azken pausoa liburua oparitzea izango da, lagun bati edo norbere buruari. Erosketa-txartel horrekin, euskarazko beste edozein libururen presioan %25 ordainduko da soilik.
Kanpaina ekainaren 30 arte luzatuko den arren, erosketa-txartelak dendan erabiltzeko aukera uztailaren 5era artekoa izango da.