Kuadrillen eguna koloretsua ari da izaten Lazkaon
San Prudentzio jaietako azken aurreko eguna dute, gaur, Lazkaon. Kuadrillen juntadizoa eguerdian izan da, beren ospakizuna delako. Lagun-taldeak bazkaltzera joan dira, eta arratsaldean Burrunbazale txarangarekin kalejira egingo dute.
Haurrentzat ere ikuskizuna izango da, 18:00etan. Irrien Lagunek Arrantzara dantzan antzerkia egingo dute, plazan. 19:00etan, Brincadeira batukada kataluniarrak ere joaldia egingo du, kalerik kale.
Gauean kontzertuak izango dira. Batetik, plazan, Gozategi talde oriotarrak joko du, 23:30ean hasita. Txosnetan, berriz, The Potes eta Dirty Brothers ariko dira, 22:00etatik aurrera.