Adrian Alvarado txiletarrak irabazi du Legazpiko Santikutz Txirrindulari Klasika
http://youtu.be/pLwNnCZFWJ4
Uste baino abiadura handiagoan egin dute itzulia txirrindulariek, eta Legazpiko Santikutz Txirrindulari Klasikako helmugan lehena Adrian Alvarado txiletarra izan da. Guztira ia 142 kilometroko ibilbidea osatu dute txirrindulariek, eta Alvaradoren atzetik Vadim Zhuareviev eta Cristian Cañada sailkatu dira. Espainiako Koparako puntuagarria izan da proba, eta horren jakitun, garaipena eskuratzeko ahaleginak ugariak izan dira lasterketa guztian zehar. Kopako sailkapenari dagokionez, berriz, Legazpin 14.egin duen Unai Intziartek jarraitzen du lidergoan, eta hilaren 18an jokatuko den azken lasterketan erabakiko da irabazlea zein den.
Festetako egun handia dute bihar Legazpin, herriko zaindariaren eguna, Santikutz eguna. Festak, ordea, asteazkenetik ari dira ospatzen. Asteazken iluntzean jaurti zuten festen hasira irudikatzen duen suziria herriko danborradako arduradun batek eta Alaitasuna errondailako beste kide batek. Udaletxeko balkoiak eta balkoi azpiak jendez beteta zeudela hasi ziren festak, gaztetxoenen koloretako kamisetek eta globoek jai hasierari kolore ukitua emanda.
Bi elkarteek indar handia dute Legazpin, eta errondailako kideek festen hasieran aipatu bezala, «50 urte ez dira ti-ta, konturatu gabe, pasatzen», eta nabaria zen urtez urte herriaren alde egin duten lana ez dela nolanahikoa izan. Errondailako kideek herritarrei eta udalari ere eman zizkieten eskerrak, urtez urte eurengandik jaso duten «laguntzarengatik, txaloengatik, maitasunagatik, berotasunagatik…».
Igandean amaituko dira Santikutz jaiak Legazpin, eta datorren asteburuan, maiatzaren 10ean eta 11n, Mirandolan jarraituko du festak. Datorren igandean egingo dute Mirandolako gurutzearen prozesioa eta erromeria.